Arriola ez dago kezkatuta Europak Zaldibarko luizia ikertzea erabaki duen arren

Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak aitortu du «harrituta» gelditu zela iragarpenarekin. Prest dago batzordeari informazioa eskaintzeko

Zaldibarko zabortegia JON URBE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling zabortegian zer gertatu zen ikertuko du, eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak adierazi du ez dagoela «kezkatuta». Haren arabera, saileko kideak hasiak dira luizia zerk eragin zuen ikertzen, eta lurrak egonkortzeko lanak ere martxan daude, besteak beste.

Emandako datuen arabera, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak txosten bat eskatu dio «ospe handiko» aditu talde bati. «Hondamendiaren arrazoiak definitzea da asmoa, eta argitzea enpresari emandako lizentziak eta baimenak EAEko, Espainiako eta Europako legearekin bat datozela». Arriolak adierazi du «egun bakar batean ere» ez diotela lan egiteari utzi, eta sailaren bitarteko guztiak martxan direla bi langileak aurkitzeko. Izan ere, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hondakinen azpian daude, eta joan den larunbatean ehun egun bete ziren desagertu zirenetik. «Ea albiste positibo bat eman dezakegun laster», gaineratu du.

Virginijus Sinkevicius Ingurumen komisarioak, berriz, azaldu du «gabezia handiak» daudela otsailaren 6an amildu zen zabortegian, eta «kasuaren larritasuna ikusita» egingo duela ikerketa. Hain zuzen, PPko eta Ciudadanoseko eurodiputatuek egindako galderei erantzunez esan zituen hitz horiek, eta Arriolak aitortu du «harrituta» gelditu zela iragarpenarekin. Jaurlaritzaren ustez, batzordeak «oinarririk gabeko ondorioak» eman zituen, eta deitoratu egin zuen Ingurumen Sailari ikerketaren berri zuzenean eman ez izana. Hala ere, Arriolak nabarmendu du prest daudela batzordeari «beharrezkoa den informazio guztia» emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.