Gizon bat atxilotu dute Trapagaranen neska lagun ohiari eraso egiteagatik

Emakumea autoaren maletategian zeraman gizonezkoak, lotuta; ubelduak zeuzkan. Emakumearengandik urruntzeko agindua zuen

Indarkeria matxista salatzeko, zapi bat balkoi batean zintzilik. M.RAMIREZ/ FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Udaltzaingoak 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Trapagaranen (Bizkaia) atzo, neska lagun ohia autoaren maletategian lotuta zeramala. Emakumezkoak ubelduak zeuzkan gorputzean, eta harengandik urruntzeko agindua zuen gizonezkoak. 08:30 baino lehentxeago atzeman zuten udaltzainek gizonezkoa, eta atxilotuta eraman zuten. Emakumezkoa, berriz, osasun etxera eraman zuten.

Trapagarango Udalak «irmoki» salatu du erasoa, eta babesa erakutsi dio emakumezkoari, beharrezkoak lituzkeen udal baliabideak eskaintzearekin batera. «Eraso sexistak dira emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren ondoriorik larriena», salatu du udalak, egindako adierazpen batean.

Bestetik, Emakundek atzo plazaratutako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarkeria matxista jasaten duten 1.519 emakumeri eman diete arta psikologikoa alarma egoeraren ondorioz ezarritako konfinamendu garaian. Horietatik gehienek aurrez ere jasotzen zuten laguntza, eta bertze 200ek lehen aldiz jo dute diputazioetako zerbitzuetara. Orotara, 4.100 saio egin dituzte psikologoekin: 2.244 Bizkaian, 1.209 Araban, eta 687 Gipuzkoan. Emakundek ohartarazi duenez, konfinamenduan %25 handitu dira indarkeria matxista pairatzen dutenentzako arreta telefonikoan jaso dituzten deiak. Indarkeria matxistagatik jarritako salaketak, ordea, %36 gutxiago dira, iaz hilabete beretan jarritakoekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.