Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Lekukoa

2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Urtea bete berri da iazko Korrika igaro zela. Batzuk lelopean, euskarara batzeko deia zabaldu zuen Euskal Herriaren luze-zabalean. Argazki berri asko utzi zituen 20. Korrikak. Horietako bat, Artziniegan bertan: Joseba Elejalde PPko zinegotzia eta Joseba Vivanco EH Bildukoa, lekukoari elkarrekin helduta, lasterka. Argazki berria zen. Aldaketa keinu bat izan zen Korrikaren lekukoa bi eskuz eramatea. Aiaraldea laguntzarik gabe uztea ere keinua izan da, eta lekukoa: euskarari emandako pisuaren lekukoa.

Euskararen ezagutza aurrerapen esanguratsuenak egiten ari den eskualdeetako bat da Aiaraldea. Oraintsu ateratako zentsuko datuak hartuta, hara: euskaldunak %8 ziren 1981ean, eta orain, %36. 14.900 euskaldun inguru daude Aiaraldean, eta beste 8.300, euskara ulertzen dutenak. Herritarren erdiak baino gehiago dira. Etxeko erabilera ere handitu da: 1991n, %8k egiten zuten euskaraz gaztelaniaz adina edo gehiago; orain, %14k. Arlo soziolinguistikoan egiturazko oztopoak daude oraindik beste jauzi bat emateko, eta euskarazko komunikabideek funtsezko rola jokatzen dute gisa horretako eremuetan. Arnasbide dira euskaraz hezitako belaunaldiarentzat, arnasbide euskaldundu direnentzat, arnasbide euskaraz bizi nahiko luketenentzat. Eskubide bermatzaile dira, finean.

Aiaraldea bide oparoa egiten ari da norabide horretan. Interneteko eskaintzan, esate baterako, arrakasta lortzen ari da: kontsumo handiagoa urtez urte. 2017an, 2016an baino %12 bisita gehiago lortu zituen: 570.000.

Artziniegako Udalean hartutako erabakiaren gisakoak oztopo dira norabide hori sendotzeko. Oztopo dira euskarazko hedabideentzat, laguntza jarri delako ezbaian berriz ere. Oztopo da herritarrentzat ere, euskarazko komunikabideen gainean xextra jarri dutelako. Oztopo da Batzuk leloaren bidera jendea biltzeko.

Lekukoa eskuan iaz Artziniegan. Euskararen ahuleziaren lekuko izan da Artziniegako Udala. Nola izan den euskara pagaburu, trukerako txanpon: 1.500 euroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.