Pello Zabala

Arantzazutik euskaldunen belarrietara

78 urterekin zendu da Pello Zabala. Fraide frantziskotarra, musikazalea, idazlea, eguraldi iragarlea eta Euskadi Irratiko esataria zen. Gaur eginen dute haren omenezko hileta, 17:00etan, Oñatiko Arantzazuko santutegian.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Ordoñez Garmendia - Mikel P. Ansa - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun

«Txindurri langile izugarria» zen, Arantxa Arza Euskadi Irratiko esatariaren hitzetan: «Isil-isilik, lan mordoa egin duena, alor askotan: euskararen aldetik, eguraldiaren aldetik, Arantzazuko fraidetzan, musikan... Irakasle izugarria izan da». Hala gogoratu du Jakoba Errekondok ere, Arzak gidaturiko Landaberri saioan harekin batera aritu izan denak: «Herri honetako jakintsurik handienetako bat zen, eta jakintza ezberdinak kateatzeko gaitasuna zuen: esaerak, eguraldia, bere amonarengandik ikasi zituen gauzak... Komunikazioan asmatzen zuen, eta era xumean eta eskuzabalean zegoen emateko prest». Sandaliak oinetan, kirol jantzia soinean eta irribarrea ahoan, Arantzazuko santutegitik mintzo zitzaien euskaldunei, uhinen bidez. Baina atzo isildu zen haren ahotsa. Pello Zabala atzo zendu zen, 78 urterekin, azken urteotan izaniko osasun arazoak okertzearen ondorioz, eta haren bizileku nagusi izan den horretan emanen diote azken agurra, Arantzazuko santutegian (Oñati, Gipuzkoa). Gaur izanen da hileta elizkizuna, 17:00etan.

[Youtube]https://youtu.be/UN3JwER6GVE[/Youtube]

 

Bertze gauza anitzen artean fraide frantziskotarra, idazlea, euskaltzalea, euskaltzaina eta eguraldi iragarlea izan zen Zabala. «Zer ez zekien?», galdegin zuen atzo Euskadi Irratian Andoni Aizpuru ETBko aurkezleak. Arantzazun egin zen Zabala fraide, han ikasi zuen eguraldiari begiratzen, eta handik aritu zen irrati esatari. «Eguraldian halabeharrez murgildu behar izan zuen, eta, azkenean, maisu bihurtu zen», Aizpururen hitzetan. «Ez zen meteorologoa, baina asko zekien». Horren bidez, Arantzazu euskaldunen belarrietara iristea lortu zuen, 2005ean BERRIAk egin zion elkarrizketan erran zuenez: «Atzera begira, ohartzen naiz Arantzazu Euskal Herriarekin asko lotu duela nire zeregin txikiak. Herriarekin oso gertu sentitzen naiz, eta eskertuta nago. Hori izan da nire bizitzan egin dudan lanik handienetakoa».

Oñatiko santutegiko aurpegi ezagunenetako bat zen Zabala, hain zuzen. Eta hainbat urtez aritu zen esatari lanetan Euskadi Irratian: lehenik, Klasikoak gaur saioan, eta, ondoren, eguraldiaren berri emanez. Oraindik ere eguraldia iragartzen zuen larunbat goizetan Landaberri saioan, eta Arzak gogoratu du, gaixotasunak gaixotasun, ez zuela «inondik ere» irratiko jarduna utzi nahi: «Larunbatero egoten zen gure deiaren zain, ilusioz, entzule guztiei eguraldiaz hitz egiteko, sano-sano, natural-natural... Baina aurreko lana eginda egoten zen. Behar zuen harreman hori entzuleekin; disfrutatzen zuen, eta guk berarekin». Hala erran zuen 2005eko BERRIAko elkarrizketan ere: «Euskal Herrian bizi denak eguraldiarekin lotuta bizi behar du nahitaez; horretara kondenatuta dago. Eguraldia egunero da notizia, egunotan froga daitekeen moduan. Euskaldunok gainean eraman behar dugun eguneroko soinekoa da eguraldia».

1943. urtean jaio zen Zabala, Amezketan (Gipuzkoa). Umetatik izan zuen irakurtzeko zaletasuna, eta, horri esker, amarekin asko ikasitakoa zen, «oinez ikasi aurretik kasik», berak zioenez. Naturaren mintzoa liburuaren aurkezpenean, 2000ko abenduaren 1ean, hala esan zuen Euskaldunon Egunkaria-n: «Frailetza ikasten ari nintzela zein frailetzan nenbilela, musika eta euskara izan nituen beti afizio nagusi, eta harrapatzen nuen guztia irakurtzen nuen». 7 urterekin eskatu zuen Arantzazura joateko, eta 10 urterekin sartu zen Arantzazuko apaiztegian, nahiz eta Amezketako apaizak Donostiara joateko esan; hiriburua urrun geratzen zitzaiolako egin zuen Arantzazura, eta gerora han gelditu zen.

1958an egin zen fraide. Filosofia ikasi zuen, Erriberrin (Nafarroa), eta, ondoren, Teologia Arantzazun. Aita saxofonista eta tenore zuen, eta bera santutegiko organista izan zen 1978ra arte. Mezetarako zenbait pieza konposatu zituen. Musika txikitatik ikasi zuen, Amezketako parrokian. Musikazale handia zen, eta, 2000. urtean azaldu zuenez, 3.000 CD zituen. Euskadi Irratian musika klasikoari buruzko saio bat egiteko deitu ziotenean sortu zen Klasikoak gaur saioa. BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko kidea ere izan zen Zabala, 2003tik 2008ra.

Eguraldi iragarle

Arantzazuren izena zabaltzeagatik hasi zen eguraldi iragarle gisa. Aurrena, hilean behin tenperatura ematen; gero, astean behin, eta, azkenean, egunero eta iragarpenak eginez. Tenporei buruz ikasten hasi eta sakontzea erabaki zuen, hala. Hasieran jendeak gaizki hartu ziola zioen, baina gero toki askotatik deitzen ziotela horri buruz jakin nahi zutelako, baita hedabideetatik ere. Aizpuruk eta Errekondok oroitu dute «egurra» jaso zuela hargatik. Errekondo: «Ez zeukalako titulaziorik, herri jakintzatik zetorrelako». Naturari begiratzen zion eguraldiaren berri emateko, eta alderantziz. «Klima aldaketak asko eragiten die izakiei, eta era ezberdinean, urtetik urtera», esan zuen 2014. urtean BERRIAk egin zion elkarrizketan. Euskal Herriko Klimatologia eta Meteorologia Elkartea ere bultzatu zuen, 2000ko martxoan aurkeztuta, Euskal Herri osoko eguraldi adituak elkartzen saiatuz.

Euskaraz ez ezik, latinez, gazteleraz eta frantsesez ere bazekien, eta Arantzazuko apaiztegiko irakasle izan zen 1990era arte. Gainera, hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen, besteak beste Arantzazu, Ardatz, Egan, Habe, Jakin, Zeruko Argia eta BERRIAn. Mendiko Behatokitik bloga ere bazuen BERRIAn. Bi liburu idatzi zituen: Naturaren mintzoa: Egunez egun, sasoien gurpilean (Alberdania, 2000) eta Zeruan zer berri: Arantzazuko talaiatik eguraldiari begira (Alberdania, 2006).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.