Albistea entzun

«Hezkuntza deialdia» egin dute, hezkuntza sistema «eraldatzeko»

Oinarrizko Hezkuntza Akordioa «berrituko»dute. Talde politikoei eskea: hezkuntzarako, inklusiorako eta euskalduntzeko eskubideak bermatu behar ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lege berriak
Adierazpena aurkezteko, atzo agerraldia egin zuten Hernanin.
Adierazpena aurkezteko, atzo agerraldia egin zuten Hernanin. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2022ko martxoak 6 - Hernani

Hezkuntzarekin «konprometitutako» Euskal Herri osoko pertsonak elkartu ziren atzo Hernanin (Gipuzkoa), eta Hezkuntza plazara deituriko manifestua aurkeztu zuten, lerroburu honekin: Oinarrizko hezkuntza akordioa. Eskubideetatik konpromisora. Gogora ekarri zuten orain dela hamabost urte onartu zela lehen aldiz akordio hori, eta «berritzeko» deia egin zuten: «Hezkuntza deialdia egitera gatoz, berritu dezagun Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa». Atzean dagoen mugimenduaren garrantzia nabarmendu zuten: «Badakigu milaka garela hezkuntza eskubideak bermatuko dituen hezkuntza sistema eraldatzearen alde gaudenak».

Nora Salbotxek eta Asier Etxenikek irakurri zuten adierazpena. Izen propio bat ere aipatu nahi izan zuten agerraldian: Joxe Mari Auzmendi. Hezkuntzako eragile garrantzitsua izan zen, Hik Hasi aldizkariaren sortzaile eta bultzatzailea, eta akordioaren «arima». 2020an zendu zen, eta sortzez Hernanikoa zela gogora ekarrita aipatu eta goratu nahi izan zuten.

Hiru habetan oinarritu nahi dute akordioa. Batetik, hezkuntza sistemaren «oinarri sendoak» finkatzea ezinbestekotzat dute. Hezkuntza sistema «zaharkitua» eraldatzeko kapaz izan behar du: «Erronka berrietara egokitzeko». Bestetik, «hezkuntza eskubideen» inguruan ardaztu behar da eraldaketa: «Ikasle guztiek eskubide guztiak bermatzeko». Hirugarrenik, hezkuntza komunitateak eta administrazioak elkarlanean jardun behar dute, zuztarreko printzipioetan oinarrituta: «Kooperazioa, auzolana, elkarlana, batasuna».

Bide horietan lana galanki egin dela uste dute, baina ezinbestekoa dela sakontzen jarraitzea. «Egungo hezkuntza sistemek ez dute gehiagorako ematen, ez dute egungo erronkei erantzuteko gaitasunik». COVID-19aren izurriarekin, gainera, hezkuntza sistemaren «arrakalak» oraindik ere agerikoagoak egin direla pentsatzen dute. «Guretzat ez da aukera bat gauden lekuan gelditzea, gauza berdinak egiten jarraitzeak emaitza ezberdina emango lukeela pentsatzea. Elkarrekin pentsatzea eta herri gisa jardutea dagokigu erronka handiei aurre egin ahal izateko». 2020ko udazkenean egin zuten agerraldi bat izurriaren ondorioez ohartarazteko, eta aurrera egin nahi dute.

Lege berriaren oinarriez

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren hezkuntza lege berriari dagokionez, gogora ekarri dute hezkuntzarako, inklusiorako eta euskalduntzeko eskubideak bermatu behar dituela testu berriak. Alde horretatik, zenbait eskaerak helarazi dizkiete alderdi politikoei, legea garatzeko prozesuan aintzat har ditzaten. Hezkuntza sistema «publikoak» izan behar du hitzartuko den legearen ardatza, eskoletako «segregazioa» gainditzeko neurriak zehaztu behar dira, eta «euskara ardatz eta euskal curriculuma oinarri» duen sistema lortze aldera jarri behar dira legearen oinarriak.

Hiru eskubide horiek ezinbestean bermatu behar dira, eta beste hainbat aldaketari ere erreparatu behar zaie testu berrian, atzo plazaratu zuten adierazpenaren arabera: eraldaketa pedagogiko eta metodologikoak sustatu behar dira, hezkuntza komunitateen autonomia eta parte hartzea bultzatu behar da, hezkuntza sistema publiko bakarrera bidean urrats sendoak egin behar dira, eta irmo egin behar da euskal herritarrek hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidearen alde. «Atxikimenduak» batu nahi dituzte xede horien alde, eta hasia dute horretarako bidea.

Hitza hartzeko prest

Ostiralean jakin zen EAJk eta PSE-EEk hezkuntza proiektu «eleaniztuna» hobetsi dutela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzekoak diren lege berrirako. Bukatu da Eusko Legebiltzarreko hezkuntza itunerako testuari zuzenketak egiteko epea, eta alderdi biek hautu hori egin zuten, eleaniztasunaren alde eginda ere, euskara «sistemaren ardatz» izango dela argudiatuta. Zuzenketetan, halaber, ezabatu egin dituzte euskarari eta euskal kulturari buruzko aipu batzuk.

Nora Salbotxek atzo BERRIAri aditzera eman zion «patxadaz» aztertu nahi dituztela zuzenketek ekar ditzaketen ondorioak. «Legea ez dago idatzita; aurreakordio baten zirriborroa da. Oraindik testu artikulatura iritsi arte, badago ibilbidea». Eta «herritarrek» ibilbide horretan zeresana izan behar dutela pentsatzen du. Onartu zuen, hala ere, kezka lege berria ontzeko prozesuan «lobby mediatikoek» eragina izan dezaketelako, eta atzerapausoak ekar ditzakeelako horrek.

Argi dute aurkeztu duten adierazpenaren oinarri horiek legearen inguruan sustatu beharko den eztabaidarako bidea izan daitezkeela. «Oinarrizko Hezkuntza Akordiotik gatoz gu, eta beste akordio eta manifestu askotatik. Eragiteko eskubidea badugu, eta eragin egingo dugu; eskubide demokratikoetara, eta egungo jendarteak eta pedagogiak behar dituzten aldaketa horietara ekarriko dugu eztabaida».

«Adostasuna» helburu

Hezkuntza legeak oinarri izango duen itun berria garatzeko «bide adostu bat» bilatu behar dela pentsatzen dute. «1993an izan genuen esperientziak ez digu balio», azaldu zuen atzo Salbotxek. Uste dute 1990eko hamarraldian onetsi zen hezkuntza legean ez zela behar bezainbeste landu adostasuna, eta harago egin behar dela oraingo erronka honetan: «Espero dugu alderdi politikoek kasu egitea eskatu dugunari».

Gogora ekarri zuen, hala ere, adierazpen honen printzipioak ezin direla mugatu Eusko Legebiltzarrean hizpide duten lege batera. Euskal Herri osoko jendea batu zen atzo adierazpena aurkezteko. «Hezkuntza komunitatetik gertu gauden jendea gara gehienok, baina orotariko herritarrak, minak, eta grinak badituztenak gaur egungo hezkuntzaren egoeraren inguruan». Eta Euskal Herriko «zazpi herrialdeetara» begira idatzi dituzte orain adierazpenaren oinarriak ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurkako protesta bat, Donostian, artxiboko irudi batean. ©JON URBE / FOKU

Soraluzeko andre bat labankadaz hil dute Benidormeko bere etxean

Jon Ordoñez Garmendia Ion Orzaiz

Emakumearen senarra da susmagarri nagusia: trafiko istripu batean hil da, lehen ikerketen arabera, bere buruaz beste eginda. 2003tik, Euskal Herriko 115 emakume hil dira indarkeria matxistagatik

Lau akusatuk onartu dute abusuak egin izana tutoretzapeko adingabeei

Edurne Begiristain

Sansoheta auziko ahozko epaiketan hamar gizonezko eseri dira akusatuen aulkian adingabeei sexu abusuak egitea egotzita. Sei akusatuk esan dute ez zekitela biktimak adin txikikoak zirela
 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Giza historiako krisi larrienean gaude, eta ez dago erantzun proportzionalik»

Maite Asensio Lozano

Tokiko borroken gainetik Euskal Herrian «hegemonia kapitalista ekozidari» aurre egingo dion mugimendu sendo baten premiaz arituko dira, besteak beste, Ekotopaketetan, datorren asteburuan, 'Azken krisia, gure garaia' lelopean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.