IRITZIA

Arcadi Oliveres, eutopia intsumisoa

Arcadi Oliveres, Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Sabino Ormazabal eta David Fernandez
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Ez. Ezin da kasualitatea izan Arcadi Oliveres Boadella 1945ean jaio izana, suntsiketek hustutako urtean, nazismoaren bukareraren eta Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketen ostean. Geroztik, Arcadik —berreraikuntza masiborako gure arma desmilitarizaturik onena— bere bizitza eman zion iristeko zen bake bakoitzari, konpondu gabeko bidegabekeria bakoitzari. Xirinacsen jarraitzaile eta Adolfo Perez Esquivelen lagun —bere etxean hartu zuen hark, 1980an Bakearen Nobela jaso zuenean—, kontsentsu erabatekoa bildu du bere agurrean, noiz eta polarizazioaren aroan. Hiru hitz xume —pertsona on bat— errazak idazteko, baina ez deklinatzeko. Erresistentziaren etika humanista, bizitza eman zion indarkeria sistemikoak desarmatzeari, diktadura frankistaren aurka, Caputxinadagatik prozesatu zutenetik eta Askatasunaren Aldeko Martxa (Marxa per la Llibertat) sustatu zuenetik.

Eukal Herriarekin eduki zuen harremanean ezabaezina den puntu bat geratu da, Txiki Cerdanyolan fusilatu zutenekoa. Irailaren 27ko bezpera bakoitzean, oroimenak ondoeza eragiten zion. Handik hamarkada batzuetara, isiltasunaren legearen aurka, Arcadik Aznarren terrorismoaren aurkako lasterketa zoroaren aurrean ahotsa altxatu zuen, eta jazarpenaren aurka eskua luzatuta, 18/98 sumarioaren, eta Egin-en eta Egunkaria-ren itxieren ondoren Katalunian zabaldu ziren aurrenekoetako atea izan zen. Free Otegi kanpainaren sinatzaile, bukatu ez den bake prozesuaren alde jardun zuen. Ohikoa izan zen Donostiako geltokian trenetik jaisten ikustea, beti bere irri trufariarekin eta bere itxaropen nekaezinarekin, jasotako gonbidapen guztietan parte hartzeko. Ipar eta hego, eguneko hitzaldi bateko erritmoan. 2004an, Bidea Helbururen Ez Biolentzia Aktiboaren jardunaldietan hartu zuen parte, Mariano Ferrerrekin batera; Gora Gasteizen jardunaldi antiarrazistetan, eta babesa eman zion Bilbon eratu zen eragozpen fiskalaren kanpainari. 2014an, Zinemaldiak, Creative Commons lizentziarekin, bera protagonista zen Inoiz ez da horren iluna dokumentala eskaini zuen. Euskal Herrira egindako azken bidaia, 2019ko martxoan, Aieten Bakerako segurtasun politikak bere liburua aurkezteko izan zen; titulu honekin: Posible al da bakearen aldeko segurtasuna.

Eguneroko alternatiben eraikitzailea eta kapitalismoaren irentsi-behar harrapakariaren kritiko nekaezina izan zen —«sistema kriminal bat da»—, baita Justicia i Pau elkartearen presidentea ere, hamalau urtez. Mugarik gabeko independentista, kanpotik babestu zituen Kataluniako ezkerrak, prozesu konstituziogilea sustatu zuen eta kalea bilakatu zuen eskubideen eta askatasunen aterperik handiena. Zapatista aurreratua, bizitzeko egokiak diren mundu jasangarriak lantzen dituen beste mota bateko politikaren alde argudiatu zuen. Bushek esan izanak Bartzelonako manifestazioek ez zutela bere «politika moldatuko», Kataluniako kaleek errefuxiatuen aldeko Europako mobilizaziorik jendetsuenak hartu izanak, edo Rambletako atentatuen osteko manifestazioa arrazismoaren kontrako oihu baketsu bat izateak zerikusi gehiegi du asteartean umezurtzago, baina pixka bat hobeak izanda, utzi gintuen jakituriarekin, inteligentziarekin eta ontasunarekin, zati berdinetan. Azken finean, boterearen zutabegile batek honakoa idatzi zuen 2001ean: «Gauza guztien errua Arcadi Oliveresena da». Gure zorterako.

Distopia menderatzailetik beharrezko utopiara hainbeste landu zituen eutopia intsumisioen—kolektiboki eraikitzeko gai garen leku onen— bidez bakarrik iristen da. Konbentzitu gintuen galdera jada ez dela ea beste mundu bat posible ote den, baizik eta hau nola den posible, eta inoiz ez zen geratu guri gogoratzeaz ez dagoela irteera solidario, bakezale, ekologista eta feministarik kapitalismo jada erreforma ezinaren pean. Intsumiso egin zuen gazte belaunaldi oso bat; hurrenari, indignatu bihurtzen lagundu zion; eta 2017ko urrian, praktikan jarri zen irakatsi zigun desobedientzia baketsu eta ez biolentoa. Arcadi, esperantzari xuxurlatzen zion bakezalea, zubien eraikitzaile etengabea, gizarte mugimendu alternatiboen erreferentzia puntua, badoa bakean bere azken bizi lezioa oparitu eta gero: bizitzen ikasten irakatsi ostean, hiltzen ikasten ere irakatsi digu. Opari eginiko mirari bat idatzi ahal izateko: «Arcadi Oliveres bizi izan da». Beti arte. T'estimem, amic.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.