Podemos ere batu da Sumarrera, listan Montero egongo den bermatu gabe

Ione Belarrak adierazi du Montero «sakrifikatzeko» eskatu diela Yolanda Diazek, eta «bidezko itun bat» galdegin du. Sumarren arabera, zerrendetan «bermatuta» egongo da Podemosen «presentzia»

Ione Belarra, Yolanda Diaz eta Irene Montero, duela urtebete Madrilen egindako ekitaldi batean. FERNANDO ALVARADO / EFE.
Igor Susaeta - Mikel P. Ansa
2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Erabaki du Podemosek: Sumarrekin batera koalizioan aurkeztuko da datorren uztailaren 23an egitekoak diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara. Ione Belarra alderdiaren idazkari nagusiak eman zuen erabakiaren berri, atzo. Azaldu zuen akordioa posible egiteko Irene Montero alderdiko bigarrena «sakrifikatzeko» eskatu diotela Yolanda Diaz buru duen alderdiko kideek. Podemosek «batasunarekin» duen konpromisoa «sendoa» dela berretsi zuen, baina ohartarazi zuen «bidezko akordio bat» lortu nahi dutela Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroa ez baztertzeko. Erabakia hartu aurretik, Podemosen zuzendaritzak militanteei galdetu zien ea baimenik ematen ote zien Diazen alderdiarekin negoziatzeko eta akordio bat egiten saiatzeko. Bada, militanteen %92k —52.800 pertsonak parte hartu zuten— atea ireki zioten aukera horri. Koalizioak erregistratzeko epea bukatu baino hiruzpalau ordu lehenago erregistratu zuten azkenean —gauerdian amaitzen zen epea—.

Belarra Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroa ere bada, eta esan du sentitzen duela «azken akordioa» ez dela bidezkoa izango Podemosentzat. Haren hitzetan, Diazen negoziazio taldeak ohartarazi die Montero Sumarren hauteskunde zerrendan egotea «gainditu ezinezko oztopo bat» zela «batasunarentzat». Belarrak adierazi du ez dutela betorik onartuko, baina erantsi du batasunarengatik «beharrezkoa dena» egiteko prest dagoela Montero, «injustua izanagatik».

Akordioa iluntzean izenpetu zuten, eta hauteskunde batzordean aurkeztu. Boto paperetan Diazen aurpegia jartzea eta Sumarren logotipoa erabiltzea adostu dute. Podemosek ere Pablo Iglesiasen irudia erabili zuen 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Orain, ekainaren 19 arteko epea dute, erabakitzeko zerrendak nola osatuko dituzten.

Espainiako hedabide batzuek azaldu dute bost barrutitan zerrendaburuak Podemosekoak izatea eskaini diola Sumarrek: Gipuzkoan, Nafarroan, Cadizen, Las Palmasen eta Murtzian lirateke. Beste iturri batzuen arabera, Podemosek zortzi zerrendaburu eta beraz zortzi diputatu ia ziurtatuak lituzke. Beste iturri batzuek aipatzen zuten hamahiru ordezkari izango zituela Podemosek. Hamar egun dituzte kontu horiek argitzeko, baina Belarra kezkatua zen atzo, negoziazioa itxi aurretik: kezka zuen Sumarren proposamenarekin Podemos Kongresuan ordezkaririk gabe geldituko zela.

Podemosen buruak esan du,nolanahi ere, ohartzen dela «agindu bat» eman zietela «ezkerreko herritarrek»: «batasuneko hauteskunde akordio bat» egiteko Sumarrekin.

Sumar eta Podemos korrika eta presaka negoziatzen aritu dira. Zeren, ikusita bai PSOEk bai UP Unidas Podemosek emaitza txarrak lortu zituztela udal hauteskundeetan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Gorteak desegitea eta hauteskundeak uztailaren 23ra aurreratzea erabaki zuen maiatzaren 29an; urte amaieran egitekoak ziren hauteskundeak berez, baina iruditu zitzaion legegintzaldia amaierara arte betez gero are gehiago indartuko liratekeela PP eta Vox.

Eta bi aldeetako iturriak aipatuz Espainiako hedabideek azken asteetan kaleratu dutenez, zerrendak osatzeko dute arazo gehien. Informazio batzuen arabera, Diazek planteatu du Podemosekoak ez joatea lehen postuetan Kongresurako aulki gehien lortu dezaketen barrutietan; hau da, Madrilgoan, Kataluniakoetan eta Valentziakoan, Alacantekoan eta Castellokoan. Kaleratu da, gainera, Sumarreko buruak betoa ezarri diela Podemoseko bi liderrei: Belarra Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroari, eta Montero Berdintasun ministroari. Sumarrek, ordea, ukatu egiten du.

PSOEren eskaera

Informazio horiek diotenez, Diazek erabaki hori hartu du argudiatuta Podemosek emaitza txarrak lortu zituela maiatzaren 28ko hauteskundeetan. Aintzat hartu behar da, bestalde, estatuko tokian tokiko Podemosen ordezkari askok plazaratu dutela Sumar alderdiaren pean joatea litzatekeela egokiena, eta kontrakoa huts estrategiko bat litzatekeela.

Bestalde, PSOEk ere parte hartu du eztabaida horretan, bi aldeei eskatu baitie akordio bat egiteko «lehenbailehen». Hori esan zuen Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta datozen hauteskunde zerrendetan PSOEren bigarrena izango denak. Onda Cero irratian egin zioten elkarrizketan, nabarmendu zuen «oso inportantea» dela Sumarrek eta Podemosek elkarren artekoak konpontzea.

Riberari iruditzen zaio, bestalde, azken asteetako «zaratak» ez diola mesederik egiten ezkerrari, eta eskuinak «bazka» hori baliatu dezakeela hauteskunde kanpainan. PSOEk ez du argi esan Podemosek Sumarren integratu beharko lukeenik, baina «arduraz» jokatzera deitu du. Iruditzen zaio ezkerraren botoa zatikatuz gero horrek mesede egingo diela eskuinari eta eskuin muturrari. Inkesta zenbaitek iragarri dute, izan ere, Podemos eta Sumar aparte aurkeztuko balira eskuineko alderdiek gobernua osatzeko aukera gehiago luketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.