Ekhi Erremundegi Beloki.
Herriko bozak. Ondorena. ANALISIA

Ba al du zentzurik bozen analisiak?

2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Zer zentzu du? Zer zentzu du igandeko herriko bozetako emaitzen analisia egiteak, eguna nola iragan zen jakinda? Igandekoa ez baitzen egun normala izan. Bezperan, 20:00 aldera koronabirusari aurre egiteko neurri zorrotzak iragarri zituen Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak: lehentasunezkoak ez diren leku publikoak itxiak, herritarrei etxean egoteko gomendioa. Eta, era berean, biharamunean bozkatzera joateko deia. «Ezin gara garagardo bat edatera joan, baina bozkatu dezakegu?», irakur zitekeen sare sozialetako mezu batzuetan, Frantziako Gobernuak emaniko mezu kontrajarria azpimarratuz.

Etxean gelditu ala bozkatzera joan? Gustukoa ez duen hautagaia gailentzen ikusteko arriskua ala birusa hedatzeko arriskua, zer lehenetsi? Frantziako Gobernuaren ordez, herritarrek hartu behar izan zuten erabakia. Eta anitzek etxean gelditzea erabaki zuten. Philipperen adierazpenak hedatu orduko herriko bozak bertan behera uzteko mezuak biderkatu ziren: Gilles Simeoni Korsikako presidentearena, François Bayrou Modem alderdiko presidentearena, eta beste hainbat arduradun politiko eta instituzionalena ere. Izan zen herriko bozak gibelatzearen kontra mintzatu zenik ere, baina igande goizerako #Eznaizbozkatzerajoanen zioen traola aipatuenen artean zen Twitter sare sozialean. Ez da gizarte baten sentimentua neurtzeko nahikoa, baina adierazle bat da.

Igandeko zenbakiak beren baitarik mintzo dira: Baionan %39ko parte hartzea —2014an baino 21 puntu gutxiago—, Miarritzen %41eko parte hartzea—2014an baino 20 puntu gutxiago—, Hendaian %45eko parte hartzea —17 puntu gutxiago—, eta abar. Oro har, Ipar Euskal Herriko hautesleen erdiak baino gehiago ez ziren bozkalekuetara joan.

Baldintza horietan, zer zentzu du ezkertiar eta abertzaleek zenbait herritan lortu dituzten biziki emaitza onak azpimarratzeak? Zer zentzu du Michel Hiriart eta Barthelemy Agerreren gisako jauntto batzuk erori izana aztertzeak? Edo Michel Veunacek Miarritzen bildu duen belarrondokoa aipatzen aritzeak? Edo ezkertiarrek eta abertzaleek Baionan egindako aliantzak espero baino emaitza apalagoak izan dituela erraten aritzeak? Oro har, azken hamarkadetako kudeaketa zigortu dutela hautesleek? Bai, igandeko emaitzak ikusirik analisi horiek egin litezke; baina, igandeko emaitzak irakurgarriak ote dira? Koronabirusak sortutako alarma giroan, kontsideratu ote daiteke herritarrek libreki bozkatzeko aukera izan dutela?

«Denak baldintza beretan aritu gara», adierazi zuen Nikolas Blain EH Baiko kideak igande arratsean, Euskal Hedabideek elkarlanean antolatutako telebista emankizunean, koronabirusak sortutako arranguraren ondorio gisa uler daitekeen abstentzio tasa handiari buruz galdera egitean. Hein batean, ez zaio arrazoirik falta. Baina, funtsean, zer dakigu abstentzio horri buruz? Igandean ez bozkatzea erabaki zutenen artean, zenbat dira aitzinetik abstenitzeko asmoa zutenak, eta zenbat koronabirusaren hedapenak beldurturik erabaki zutenak? Zer adin tarteko jendea da? Zer ideia politikotakoa? Zerrenda guziei berdin eragin die ala batzuk kaltetuagoak izan dira? Zintzoki: gaur-gaurkoz ez dago jakiterik. Eta abstentzioak denei berdin eragin diela aztertzea bezain zilegia izan daiteke baldintza normaletan emaitzak erabat desberdinak izanen zirela aztertzea. Ez dakigu.

Herriko bozak gibelatzea izanen zen zentzuzkoena, herritarrek normaltasunez bozkatu ahal izatea bermatzeko, eta birusaren hedapena oztopatzeko. Baina ez da hori izan Frantziako Gobernuaren erabakia, eta inork ez daki zein izanen diren ondorioak. Bigarren itzulia atxikitzea eskandalu politiko eta sanitario bat izanen zen; azkenean ez da hala izanen, baina aurrekaririk gabeko egoera ezezagun bat sortu du.

Argi da hemendik aitzina herritarren osasuna zaintzea izan beharko litzatekeela Frantziako Gobernuaren lehentasuna. Osasuna, beste ezeren gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.