urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Mezu elebidunak

2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun

Astelehen goizean heldu zen deialdia erredakzioetara EAEko Lehendakaritzatik: Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia iragartzen zuten arratsalde horretarako. Sorpresa handirik gabe, uztailaren 12an Euskal Herriko mendebaldean hauteskundeak izango direla jakinarazi zuen. Mezua euskaraz irakurri zuen lehendabizi, gaztelaniaz segidan, eta euskaraz amaitu zuen. Sarritan entzun ditugu euskaraz hasi eta amaitu, eta funtsezko guztia erdaraz diren mezuak. Lehendakariarena ez zen halakoa izan: ia hamaika minutuko mezua izan zen, segundo batzuk luzeagoa gaztelaniaz, baina bost minututik gora bietan ere. Euskaraz hasteak badu garrantzi sinbolikorik, lehentasuna ematea adierazten baitu. Nafarroako Gobernuak justu aurkakoa erabaki berri du: euskarazko errotulazioari eutsiko diola, baina espainiera jarriko duela lehendabizi eta euskaraz atzetik. Bistan da hautuak egin behar direla bizitzan, hizkuntza baten egin ala ez egin hautatu dezakezu, hizkuntzari zein leku eman ere bai, eta berdin non kokatu erabakitzen duzunean. Hautua, sekula ez da neutroa.

 

Egun berean, Galizian, Alberto Nuñez Feijoo presidenteak ere egin zuen agerraldia, eta egun bererako deitu zuen bozetara bere herrialdean. Espainiako eta Galiziako banderak zituen atzean, xingola beltz banarekin. 17 minutu eta erdi egin zituen. Segidan espainolez egin zioten galdera, eta hala erantzun zuen. Hurrengoa galizieraz, eta galizieraz erantzuna. Espainieraz hirugarren itauna, baina galizieraz egin zuen Feijook erantzuna. Antena 3, Tele 5 eta TVE telebistei eta El País egunkariari espainolez erantzun zien. Galiziako hedabide askotatik ere espainieraz egin zizkioten galderaz, baina Feijook galizieraz erantzun. Gaztelaniaz argitaratzen diren egunkarietako kazetari batzuek ere, El Mundo-koak kasurako, galizieraz galderak. 43 minutuko agerraldia izan zen. Lehen hamazazpiak galiziera hutsez, deialdia egiteko. Hurrengo 26 minutuak kazetarien galderei erantzuten. Ez dakit zenbat galdera izan ziren, 15-20 bai. Erdibana gaztelaniaz eta galizieraz. Presidenteak lau galderari erantzun zien espainolez, galizieraz beste guztiei.

Izan zaitezke galiziera hiztun ia elebakarra, eta erabat espainiar sentitu. Xalbadorren bertsoetan «euskara garbian» oldartu zen ostatuko laguna argi uzteko «frantses eginak gira, joan den aspaldian». Urte eta erdi zeraman Feijook agintean duela hamar urte Coruñan egin ziren Galeuscako topaketen garaian. «Nork esango zigun Fraga faltan izango genuela?», esan zidan galiziar idazle batek. «Badakigu zuentzat zer den Fraga, eta hala zen, baina bazekien eremuak bereizten. Sekula ez zion utziko bere Gobernuko kontseilari bati jendaurrean espainieraz egiten, argi zuen Galizian galizieraz egin behar zela». Ez dakit Feijook jarrera aldatu duen urteotan, baina bai nola egin zuen agerraldia astelehenean.

Iñigo Urkulluren alde edo aurka egon liteke, bistan da. Politikari abertzalea da, bere ereduarekin ados egon zein ez, eta euskaltzalea; erdara nagusi den herri batean jaiotako euskaltzalea. Maddalen Iriarterekin edo Arnaldo Otegirekin batzen denean, Legebiltzarreko bulego edo korridoreetan, ziur nago euskaraz egiten dutela elkarrekin. Aldiz, sarri-sarri entzuten ditugu Legebiltzarreko mikrofonoetan erdaraz elkarri. Ezaguna da trikimailua, aurkari politikariari galdezka edo erantzuten ari zarelakoan, gizarteari oro har helarazi nahi diozun mezua kokatzen ari zara hedabideetarako. Astelehenean, ordubeteko agerraldian 16. minututik 52.era erdara hutsez izan ziren galderak eta erantzunak.

Ez dakit beste lehendakari batekin desberdin litzatekeen. Euskara gutxiago egitea bai, erraz irudika dezaket, baina zelan egin gehiago? Edo beste bat galdetu lezake: euskarak lehentasuna daukan mezu elebiduna, ez ote da aski? Galizian ez da halakorik behar, ikusi dugunez, nahiz eta egia den Feijooren mezua arazorik gabe uler zezakeela espainieraz dakien edonork. Euskal Herrian hauteskundeak irabazi nahi dituenak aintzat hartu behar ditu erdaldunak. Baina euskararen normalizazioa nahi duenak jakin beharko luke duela 30 urteko hizkuntza-politika bera ez erabiltzen; A eredua ia desagertu den erkidegoan erabilerak ez du nahi beste egin gorantz, baina ulermenak bai; orduko eredu elebidunak euskaldunagoa beharko luke egun, gaztelaniari gehienez begirunea merezi duen minoriaren txokoa hartuta. Ez legoke txarto mezu nagusia euskaraz ematea, eta bertsio espainiarra gehienez ere haren laburpena izatea. Eta berdin galde-erantzunetan: kazetariek gura bezala egin dezatela, baina lehendakariak gehienez hiruzpalau erantzun eman erdaraz.

Lehendakari eta lehendakarigai guztiek badute zer ikasi Galizian edo Katalunian. Edo hurbilago, Aritz Adurizek San Mamesen egindako agerraldian. Politikariek hedabideak behar dituzte mezua zabaltzeko. Adurizen kasuan, alderantziz zen: karisma eta herriaren maitasuna izanda, edozein hizkuntzatan hartzen dute hedabideek zure mezua. Eta Adurizek euskaraz egitea erabaki zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.