Hungariako bozak

Ukrainako gerrak ere ezin ditu batu bi Hungariak

Gizartearen polarizazioa ez da atzo goizekoa, eta ez du itxurarik bihar desegingo denik, hautetsontzien emaitza zeinahi delarik ere. Viktor Orban ultrakontserbadoreak berriz hautatua izatea du jokoan parlamenturako bozetan.

Memo alderdiko militanteak, permorfance bat egiten, Gyorren (Hungarian), iragan asteazkenean. RICARD GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Gyor
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Sei pertsona eta bi maniki mono gorria eta mozorro-maskara jantzita, Gyorko probintzia giro ordenatuaren asaldagarri bakar. Hungariaren ipar-ekialdean dago Gyor, Eslovakiaren mugatik gertu. Estatuak balira bezala, geldi-geldi daude hiriaren erdialdeko plaza batean, kartel batzuk eskuan, eta karteletan, iragarpen bat: «Akabo lapurreta handia». Ekintzaileek La casa de papel telesail ospetsua hartu dute oinarri —han Lapurreta handia jarri diote izenburua— igandeko hauteskundeetarako mezu optimista bat zabaltzeko. Viktor Orban ultrakontserbadoreak berriz hautatua izatea du jokoan bozetan.

«Jendeak erreakziona dezan egin dugu performance hau, jendeak bere kabuz pentsa dezan eta ez ditzan sinetsi hedabide ofizialisten gezurrak. Bada garaia erregimen ustel hau deuseztatzeko», adierazi du Janos Matzikek, taldeko liderrak, zeina barne diseinatzaile baita ofizioz. Memo taldeko militanteak direla diote. Zentroko alderdi berri bat da Memo, duela hiru hilabete baino ez sortua eta Hungariako politikan hutsetik hasi beharra defendatzen duena, baita klase politiko tradizionala kanporatzea ere.

Orbanen kontra dago Memo, baina, hala ere, ez du parte hartzen sei alderdik lehen ministro polemikoa tronutik botatzeko asmoz eratutako koalizioan; zentro-eskuineko alderdiak nola ezkerrekoak biltzen ditu koalizio horrek, eta sekula egin gabe zegoen halakorik. Hauteskunde hauetan, hamaikagarren norgehiagoka izango da Orbanen gobernuak iraun duen hamabi urteetan eratutako bi Hungarien artean —komunismoa erori zenetik Erdialdeko Europan bere postuan luzaroen iraun duen buruzagia da Orban—: herrialdearen erdiak gorroto du lehen ministro hungariarra, eskuin muturraren erreferente bilakatua, eta beste erdiak, berriz, izugarri maite du.

Memoko ekintzaileek kontrakoen eremuan dihardute. Bere garaian, oihartzun handiko eskandalu bat piztu zen bideo filtratu batzuetan alkate ohi bat agertu zelako yate batean prostituta batzuekin orgian, eta hala ere ez zen amaitu Fideszek, Europaren esentzia kristauaren aldeko alderdiak, Gyorren daukan hegemonia. Gargo, 25 urteko mutil dotore bat, Orbanen alderdiaren boto emaile tipikoa da: «Abertzalea naizelako ematen diet botoa. Haiek baino ez dituzte defendatzen nazioaren interesak».

Elkarrizketa berehala bihurtu da Ukrainako gerrari buruzko eztabaida: auzi polemikoa da hori Hungarian. Alderdi ofizialistek ia batere iragazkirik gabe zabaltzen dute Kremlinen propaganda, eta maiz entzuten dira Ukrainako presidente Volodomir Zelenskiren kontrako akusazioak, «CIAko agente bat» izatea egotzita. «Gerra hau amerikarrek eragin dute, armak salduz dirua egiteko. Historia berriz ere berdin», bota du Gargok. Sinetsita dago munduko ordenan konspirazio bat dagoela, hamahiru familia aberatsek egindako «itun» baten ondorioz; «elite global progresista» moduko bat omen da, nazioarteko prentsa kontrolatzen duena. Tesi bitxia, inondik ere, finantzen esparru globalizatuan lan egiten duen gazte baten ahotan.

Orban, 2010ean boterea berreskuratu zuenetik, kontakizun bat harilkatuz-harilkatuz joan da, eta, hala, bere herrialdearen etsai nagusitzat jo ditu hala EB Europako Batasuna nola ustezko elite global bat. Beharbada horregatik uko egin dio Robert Borsik, Fidesz alderdiaren Gyorko kanpainaren arduradunak, BERRIArekin hitz egiteari. «Lau egun daramat ito beharrean. Ezin dut. Barkatu»: horra desenkusa. Hurrengo kanpaina ekitaldiaren inguruko informazioa eskatu zaionean, berriz, erantzun du ez dagoela bakar bat ere programatuta.

Otsailaren amaieran, Vladimir Putinek Ukraina inbaditzea erabaki zuenean, oposizioak pentsatu zuen bere aldera ekarri ahalko zuela kanpaina. Azken urteetan Errusiako presidenteak Europan izan duen aliaturik hurkoena bihurtu da Hungariako buruzagia. Gerra piztu zenean, berriz, Orbanek kontortsionismo ariketa politiko nabarmena egin zuen, eta Putinengandik urrundu, baina hein batean baizik ez. Babesa eman zien EBk jarritako zigorrei, baina ez zuen baimenik eman NATOk Ukrainako armadari bidalitako armak Hungariako lurraldetik pasa daitezen. Horregatik, Zelenskik, Europar Kontseiluaren azken bilkuran, gezi pozoitsu bat jaurti zion Orbani: «Viktor, ikusi al duzu zer gertatzen ari den Mariupolen?», bota zion, sarkasmoz, eta, segidan, eskatu zion lerra zedila behingoz bi aldeetako baten alde.

Orbanen aldea

«Orbanek bakearen bermatzaile gisa agertu nahi du orain, eta ohartarazi du oposizioak gerrara eraman nahi duela herrialdea, soldaduak Ukrainara bidaliz. Gezur hutsa da hori, baina haren jarraitzaileek sinetsi egin diote. Bere senean dagoen inortxok ere ez du nahi gerrarik», dio erretiroa hartutako irakasle batek, Irdikok. Oraingoz, badirudi gobernuaren estrategia funtzionatzen ari dela; izan ere, azken hilabetean inkestek lehengoan iraun dute, eta hiru bat punturen aldetxoa ematen diote oraindik Orbani.

Gyorren kanpoaldeko herrixka batean ere, Vamoszabadin, ez dirudi Hungariako buruzagiari garesti ateratzen ari zaionik Putinekin duen aliantza. «Orbanen alde bozkatuko dut, hark baino ez gaitu-eta mantenduko gerratik kanpo», esan du Beak, herriko jaki denda bakarraren jabeak. Fideszen merituak zerrendatzen hasita, alderdia immigrazioaren aurka dagoela aipatu du, baina salbuespen bat nabarmenduta: «Ez naiz ari ukrainarrez: haiek, beste batzuek ez bezala, ez dute arazorik ematen». Ez du zehaztu, baina, «beste batzuek» dioenean, siriarrez ari da, irakiarrez, afganiarrez... hots, musulman pobreez.

Elkarrizketa bete-betean, lepo sendoko mutil musugorri bat sartu da dendara, prakak pinturaz zikinduta. Edari bat erosi du, eta, atetik irten baino lehen, jira egin eta bota du: «Moztu dezala lepoa: horixe da Orbanek egin lezakeen onena». Beak irribarre egin du, erdi gogaiturik eta erdi etsirik. Hungariako gizartearen polarizazioa ez da atzo goizekoa, eta ez du itxurarik bihar desegingo denik, hautetsontzien emaitza zeinahi delarik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.