Albistea entzun

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra
<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak.
Ketariatik mundura pastoralaren bost partaideak. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz -

2023ko otsailak 4 - Iruñea

Joan Sebastian Elkanok, 1522an abiatutako espedizioan, ez zuen geldialdirik egin Iruñean, ezta Zuberoan ere. Baina aldatu dira garaiak, bai eta orduan eginak kontatzeko manerak ere, eta, orain bai, mundu birak euskal txokoak ere baditu helmuga. Elkanoren bidaia gogora ekarrita, Ketariatik mundura izeneko pastorala estreinatu zuten joan den udazkenean, Donostian, eta Iruñean antzeztuko dute bihar. Kondestablearen jauregian eginen dute, 19:00etan. Tokiak txikia irudi lezake horretarako, baina, hain zuzen ere, obraren tamaina da biharko ikuskizunaren berezitasun handia: «nanopastorala» da, neurrian zein iraupenean.

Ikuskizunak ordu eta erdiko iraupena du, eta taldea bost lagunekoa da: Ihitz Iriart, Maika Etxekopar eta Beñat Larrori dira aktore, eta Jkristian Galtxetaburu eta Mixel Etxekopar musikari. Hain justu, azken horrek idatzia da testua. 2018an idatzi zuen obraren lehenbiziko bertsioa. Ordea, orduko hori ohiko formatuan antzezteko zegoen egina, eta, hala, moldaketa nabarmen baten ondotik plazaratu zuten iaz.

Elkanoren figurak aspaldi erakartzen zuen Mixel Etxekopar. Hori izan zen, besteak beste, Ketariatik mundura idazten hasteko arrazoietako bat. Batik bat, liluratu egiten du pentsatzeak nola jendeak bidaia haiek abiatzen zituen «jakin gabe itzuliko ziren ere». Aitortu duenez, begiak ireki ditu euskaldunen eta itsasoaren arteko harremanari dagokionez. «Euskaldun asko itsasoari begira bizi ziren, eta dira, eta ez nintzen ohartua, batere».

Dena den, «nanopastorala» ez da mugatzen Elkanoren bidaia kontatzera. Idazleak azaldu duenez, XVI. mendeko Getariako herritarren gorabeherak ere azaltzen dira, bai eta garai hartako kolonialismoaren «izugarrikeriak» ere.

Are, Etxekoparrek «atzeragora» jo du istorioa abiatzeko: mitologiara. Getarian (Gipuzkoa) ezaguna den alegia bat hartu du oinarri zenbait eszenatarako: Keta, Itegi eta Alsakarterena. Etxekoparrek kontatu duenez, kondairak dio hiru maitale horiek harri bihurtu zirela kalapita batean, eta horiek omen dira Zarautz eta Getariaren arteko hiru lurmuturrak. Hiru horiek dira, pastoralaren zenbait unetan, publikoa kokatzen dutenak; Elkano non eta zertan den argitzen dutenak.

Hasieran, beste asmo batekin sortu zen Ketariatik mundura. Getariako eta Zuberoako jendeak egiteko idatzi zen testua, bi tokietako herritarrek elkarlanean jardun zezaten. Ordea, proiektu horrek ez zuen habia aski sendorik aurkitu Zuberoan, Elkanoren gainean dagoen eztabaidarengatik. Horregatik erabaki zuten, azkenean, txikian ematea.

«Ez dut nahi Elkano mitifikatu, baina ezta kondenatu ere. Elkano hila baita aspaldi, eta, gainera, nor gara gu horretarako?», adierazi du, irmo, Etxekoparrek.

Haren iritziko, pastoralak biziki egokiak dira norbaiten «argi-itzalak» irudikatzeko. «Pastoralek, beren zurruntasunean, ematen dute ahala aukeratzeko zer aldetan kokatu nahi duzun subjektua; gaiztoen alderdian, edo onen alderdian». Alde biak baliatu ditu kasu honetan: gaiztoen zein onen aldean kokatu dute Joan Sebastian Elkano, marinelaren figura ez baita «ez zuria, ez beltza».

Txiki eta hurbil

Biharkoari begira, Etxekopar bezain gogotsu da Ihitz Iriart. Dioenez, asko gozatu ditu aurreko emanaldiak, eta sentsazio bera izatea espero du Iruñekoan ere. Gainera, Iriartek azaldu du «nanopastoralak» zailtasun batzuk dakartzala antzezteko garaian —adibidez, aktore bakoitzak pertsonaia ugari antzeztu behar ditu—, baina iradoki du berezitasun horietako asko «aberasgarriak» direla. «Libreago» sentitu da. Gainera, azpimarratu du musikarien eta aktoreen arteko konexioa «askoz handiagoa» dela. «Muga lausoagoa da; kasik ez dago».

Haren arabera, aktoreen eta publikoaren arteko tartea ere estuagoa da formatu «ttipian». «Publikoa oso hurbil dugu. Kasik obraren barrenean dira haien barreak, desadostasunak, txistuak, begiradak eta txaloak». Ohartarazpen bat ere egin du Iriartek: publikoak adi egon beharra du, haria ez galtzeko, ez baita banatzen liburuxkarik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hamahiru tonatik gorako pisua du <em>Topalekuak IV</em> eskulturak; Txillida Leku museoan eskegita erakusteko propio sortu dute egitura. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Egon ez den etxera itzuli da

Naroa Torralba Rodriguez

Bilboko Arte Ederren Museotik Txillida Leku museora lekualdatu dute Eduardo Txillidaren 'Topalekuak IV' eskultura. Bilboko eraikineko lanak bukatu artean, Hernanin egongo da
Aritz Pardina Herrero, <em>Ibai ahoak</em> (Balea Zuria) lana aurkeztu aurretik, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Aritz Pardinak 'Ibai ahoak' saiakera plazaratu du

Itziar Ugarte Irizar

Aforismoz osatutako lana da, eta lau ardatzen inguruan ondu du egileak: lengoaia, denbora, ezagutza eta filosofiaren historia. Balea Zuria argitaletxeak kaleratu du.
Saran bertan aurkeztu zuten, atzo, Idazleen Biltzarra. ©GUILLAUME FAUVEAU

Berrogei urtez idazleen bilgune

Garazi Aduriz Zuñeda

Apirilaren 10ean eta 11n egingo dute Sarako Biltzarra. Publiko zabalarentzat izango da lehen eguna; bigarrena, profesionalentzat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...