Koronabirusa

Positibo «aktiboek» ezin izango dute botorik eman

Nekane Murgarentzat, beste hauteskundeetan ere beti egon izan dira osasun arazoak zirela-eta botoa eman ezin izan dutenak

Arantxa Iraola-Jon O. Urain
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzemandako positibo «aktiboak» 200 bat dira, eta pertsona horiek ezin izango dute botorik eman bihar Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ezin direlako etxetik atera. Hori azaldu zuen atzo Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

Bozak direla eta, EAEko Hauteskunde Batzordeak ohar bat kaleratu zuen atzo, bezperan plazaratutakoa berretsiz; alegia, ontzat jotzen dituela Osasun Sailak biharko ezarritako segurtasun neurriak. «Administrazioak hartutako neurriek joan-etorriak baldintza egokietan bermatzen dituzte bozkatzera joan ahal izateko, biztanleen segmentu txiki batzuetan izan ezik, nahiko justifikatuta dauden osasun arrazoiak direla eta». Oharrean erantsi zuenez, «ulertu behar da osasun agintaritzak baldintza egokiak ezarri dituela boto emaileen osasunerako eskubidea bermatzeko».

Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak eta Murgak nabarmendu zutenez, botoa emateko eskubidea bermatuta dago. Onartu zuten, halere, pandemiaren ondorioz botoa eman ezinik geratuko direla hainbat lagun.

200 inguru horiez gain, beste 500 bat etxean bakartuta daude, positibo horien gertuan ibili direlako; PCR probetan negatibo eman dute, baina test horiek berriz egiteko zain daude, eta, ondorioz, kontuz ibili behar dute, Osasun sailburuaren esanetan. Pertsona horiei guztiei gaur mezu bat helaraziko dietela azaldu zuen Murgak; botoa eman nahi badute horretarako bakarrik atera ahal izango direla gogoraraziko diete, eta segurtasun neurriak «zorrotz» betetzeko.

Horiez gandiko neurririk ezin dela hartu adierazi zuen Murgak, eta COVID-19rik gabe ere beti egon direla osasun arazoak tarteko botoa eman ezin izan dutenak: «Tuberkulosia duten gaixoak, edo bihotzeko bat izan dutenak, edo iktus bat... Botoa emateko eskubidea eragozten duten eritasunak bestela ere hor daude. Orain, eta beste hauteskundeetan».

Beltran de Herediak azaldu zuenez, EAEko Hauteskunde Batzordeak erantzuna eman dio EH Bilduk igandeko bozen harira egindako galdera bati, eta «egokitzat» jo ditu horietan segurtasuna bermatzeko hartu diren neurriak.

Ordiziarako neurriak

Edozein moduz, biharko hauteskundeetarako neurri bereziak iragarri ditu Ordiziako Udalak. Atzo goizean hasi ziren hauteslekuak muntatzeko lanetan; hiruna mahai jarriko dituzte Beti Alai pilotalekuan eta Jakintza ikastolan, eta bina Urdaneta ikastetxeko frontoian eta Oianguren institutuan.

Neurrien artean bat da esanguratsuena: Ordiziako Udala aztertzen ari da bozkatzera joango diren herritarrak egunean zehar banatzea eta ordu muga batzuk gomendatzea, pilaketarik ez sortzeko. Bestalde, PCR negatiboa duten baina konfinatuta daudenei gomendatu diete «ahal badute» 14:00etatik 15:00ak bitartean joateko botoa ematera, jende gutxiago joaten delako ordu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.