Pastor
DARWIN ETA GU

Zer galtzeko prest gaude?

2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Antonio Bañosek eman digu zaplaztekoa, nahita edo nahi gabe, Vilaweb hedabide digitalean egin dioten elkarrizketan: «Urriaren 1ean irabazi egin genuen eta, laburbilduz, zentzu politiko bat du horrek. Gainera, Errepublika aldarrikatu genuen. Ha, ha, hi, hi... baina aldarrikatu egin zen. Eta hori ez dute ez Errioxan ez Euskal Herrian egin. Baldintza gutxi-asko patetikoak eta oinak arrastaka, baina egin egin zen. Kontuz, gauza handia da hori».

Errioxa eta Euskal Herria maila berean jarri ditu CUPeko diputatu ohiak. Hortxe. Euskal Herria Errioxa, Extremadura edo Murtziarekin batera. Funtsean hauxe egin du Bañosek: Euskal Herria nazio gogo askatzailerik ez duen Espainiako edozein autonomia erkidegorekin parekatu —zertarako izango dute herri horiek halako asmorik, espainiarrak badira eta espainiarrak sentitzenbadira?—. Euskal Herria nahas-mahas, labirinto autonomikoan galdurik. Halako irudia ematen ari gara?

Katalanek porrot egin zuten 2017ko urriaren 1ean. Galdu. Eta guk zer irabazi dugu? Haiek saiatu egin ziren behintzat. Non geunden, non gaude gu? Bide autonomistan sartuta. Sanchezi bete beharrekoa betetzeko eskatzen. Erregutzen. Estatutua gora eta estatutua behera—ahaztu estatus berriaren kontua tarte batean; teorian bai, baina praktikan ez da ezer izango—. Egunkari unionista batek berri hau argitaratu du: «Renfek aldiriko trenen zerbitzua kudeatuko du 2028ra arte Euskadik eskumena lortuta ere». Etsigarria. Ez bereziki Renfek segituko duelako linea gestionatzen, lortu aditzak berez dakarren esanahiagatik baizik? Zer lortu behar du Euskadik, bada? Eskumena ez dago autonomia estatutuan? Noren apeten menpe dugu delako lorpen hori? Zergatik ez esan «gobernu espainiarrak hitza beteko balu ere», lortu aditza barik?

Errepublika aldarrikatu izana laudatu du Bañosek. Gero eta jende gehiago dago, erabaki historiko horri garrantzia kendu nahi diona. Ez soilik Madrilen; gurean ere bai. Barregarria izan omen zen dena. Lardaskeria. Proces-ari egiten zaizkion kritika asko ondo oinarrituta daude, baina hortik erabaki politiko hari garrantzia kentzera... Independentzia aldarrikapena benetakoa izan ez bazen, broma bat besterik ez, zergatik ibili ziren Espainiaren boterea eta diplomazia EBko estatu garrantzitsuenetako Atzerri ministerioei deitzen, halakorik ez onartzeko eskatzeko, exijitzeko?

Francesc Seres katalanak proces-aren ondoko frustrazioa jorratu du La mentida més bonica (Gezurrik politena) nobelan. Oso kritiko agertu da. Baños baino bainoago. Eleberriko atal batean bikote protagonista irakasle batzuekin afaltzen ari da. Haien artean itzultzaile bat dago. «Independenteak izango gara?», galdetu dio lagun batek. Itzultzaileak ezusteko galdera egin dio: «Zer galtzeko prest zaude?». Inork ez du erantzun. Denak isilik. «Hiru hilabeteko soldata galtzeko prest egongo zinateke?», esan du Seresek. «Sei hilabetekoa?».

Zer galtzeko prest gaude? Galdera gordina, zorrotza. Bai, jendea erakarri egin behar duzu. Amets eginarazi. Poztu, baina ez puztu. Edo akaso uste dugu Euskal Herriak inoiz independentzia eskuratuko balu, askoz hobeto biziko ginatekeela lehendabiziko urteetan? Nahi bai. Hala ere, ikuspegi errealista horrekin ez duzu aurrera egingo, jendea atzeraka hasten baita. Orduan, bere burua egoera hipotetiko horretan ipinita, nahiago du duenari eutsi ezer arriskatu eta galdu baino. Azken batean, zertarako nahi dugu independentzia? Okerrago bizi izateko?

Independentzia nahi dugula esaten dugu. Geure nahi eta ametsak irudikatzen ditugu etorkizun idilikoan. Alta, zer galtzeko prest gaude independentzia irabazteko? Hiru, sei hilabeteko soldata? Oporraldi exotikoak hamar urtean edo bizirik gauden bitartean? Bizi osoan irabazi eta merezitako erretiro duina? Non dago gure muga? Guk ez dakigu, baina gure arerio politikoak, bai. Ederki ezagutzen gaitu. Badaki oso eroso eta lasai bizi garela. Errioxa eta Extremaduraren pare. Eta horrekin jokatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.