Pakistanen gutxienez 635 lagun hil dira montzoi sasoiko uholdeetan

Balutxistanen aurreko urteetan egin duen euria halako hiru bota du. Milioi bat lagun daude elikadura segurtasunik ezan gelditzeko zorian

Pakistango herritarrak, montzoi garaiko euriteen ondorioz urak hartutako kaleetan, Karachin. XAHZAIB AKBER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Pakistanen, 635 herritar hil dira, gutxienez, montzoi garaiko euriteek eragin dituzten uholdeen eta luizien ondorioz. Dozenaka mila lagun lekualdatu behar izan dituzte, 72.000 etxe baino gehiago suntsitu direlako. Gehien kalteturiko eskualdeetan, nekazariek eta abeltzainek beren laboreak eta abereak galdu dituzte. Erreskate zerbitzuak etengabe ari dira lanean, baina ezinezkoa zaie eremu batzuetara iristea. 2.800 kilometro errepide eta 130 zubi hondatu dituzte uholde eta lur jausiek. Herritar askok salatu dute ez zaiela gobernuaren aldetik laguntzarik iristen. Orotara, zazpi milioi baino gehiago dira kaltetuak.

Eurite mardulen pean dira Pakistango hainbat eremu, joan den uztailaz geroztik. Azken hiru asteetan, normalean montzoi garaian botatzen duen euri kantitatearen %60 bota du. Herrialdearen hegoaldean eta ipar -mendebaldean egin du euri gehien, eta hango eskualdeetan izan dira kalterik handienak. Balutxistanen —Pakistango eskualderik handiena eta pobreena da— 200 lagun baino gehiago hil dira, azken 30 urteetan izan dituzten uholderik larrienetan. Tokiko agintarien esanetan, aurreko urteetan baino hiru bider euri gehiago egin du azken egunotan. Eskualde ia osoa izendatu dute ezbeharrak jotako eremu.

Kritikak gobernuari

Xehbaz Xarif lehen ministroak birritan bisitatu du Balutxistan, hil honetan. «Gure esku dagoen guztia egiten ari gara uholdeen biktimei laguntza emateko», adierazi du. Baina herritar asko daude gobernuaren jarrerarekin haserre. Salatu dute ez dutela ialaguntzarik jaso harengandik, eta iritsi zaiena boluntarioen eta gobernuz kanpoko erakundeen bitartez heldu zaiela.

Pakistango Gobernuak giza laguntza eskatu zien Nazio Batuen Erakundeari eta nazioarteko komunitateari, abuztuaren 5ean. Orain arte iritsi dena gutxiegi dela salatu du Qudoos Bezinjo Balutxistango gobernuburuak, eta ahalegin handiagoa eskatu dio aginte federalari.

Sindh eta Khyber Pakhtunkhwa eskualdeak ere gehien kaltetuen artean daude. Balutxistanekin batera, hiru eskualde horietan jasan dituzte kalteak, aintzira izoztuek eragindako uholdeengatik. Mendialdean dauden zenbait aintziratan presa natural batzuk sortzen dira. Glaziarretako izotzak eusten dio pilatutako urari. Baina azken asteetan egin duen euri kantitate handiaren eraginez, laku horietako batzuetan apurtu egin dira izotzezko horma horiek, eta, ondorioz, ur-laster biziak sortu dira mendi magaletan behera, eta hondamendia eragin dute.

Montzoietako euriteek eta ekaitzen ez dute etenik izango hurrengo egunetan, eguraldi iragarpenen arabera. Bihar arte, gutxienez, euria botako du; batez ere, herrialdearen hegoaldean.

Ezbehar naturalek kalte handiak sortu dituzte nekazarien uztetan, eta horrek ehunka milaka herritarren elikadura segurtasunean eragingo du. Aurtengo uztailetik azarora, ia milioi bat lagun egongo dira elikadura-segurtasun gabezian, Balutxistan eskualdeko eremu kaltetuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.