Asier Fullaondo.
ARGI ALDIAN

Giza mikrobiotaren inguruan

2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Gizakiaren gorputzean dauden zelula guztiak hartuko eta aztertuko bagenitu, giza zelula bakoitzeko 100 bakterio ditugula konturatuko ginateke. Gure gorputzean dugun mikroorganismo (bakterio nahiz onddo) komunitatearigiza mikrobiota deitzen zaio.

Orain arteko giza mikrobiotaren analisi gehienek bere konposizioa eta egitura aztertu dituzte, gehienetan bi egoera alderatuz: osasuntsu eta gaixo, lodi eta argal eta abar. Oraintsu argitaratu den ikerketa batek, ordea,giza mikrobiotaren azterketa orokor bat egin du: bertan 2.355 pertsonaren mikrobiota aztertu da. Ikerketa honen helburua giza mikrobiotaren elementu nagusi eta aldakorrak aztertzea izan da.Ikerketa honetan, gorputzeko atal desberdinak bereizi dira eta bakoitzaren mikrobiota modu independentean aztertu da, adibidez: ahokoa, azalekoa, baginakoa edota iraizkinetakoa, besteak beste.

Ikerketa honek erakutsi du gorputz atal bakoitzak bere mikrobiota berezia duela, bakterio espezifikoak eta guzti. Ikerketa honetan ere, denboran zeharreko mikrobiotaren aldaketa aztertu da; hau da, pertsona berean denboran zeharmikrobiota nola aldatuz doan, eta zein gorputz ataletako mikrobiota den aldakorrena. Orokorrean mikroorganismo taldeak nahiko konstanteak dira denbora zehar, beraien proportzioak aldatu egiten badira ere. Guztietatik aldakorrena gure ahoko mikrobiota da, kanpo faktoreek eragin zuzena berarengan dutelako.

Aspaldidanik ezaguna da gure osasuneanmikroorganismo hauen garrantzia, bereziki gure hesteetan, eta horregatik, zenbait ikertzailek proposatu dute beraien funtzioa giza organo bat bezain garrantzitsua dela. Hesteetan ditugun mikroorganismoek lagundu egiten gaituzte, hartzen ditugun jakietatik ahalik eta elikagai gehien lortzen. Mikroorganismo hauen onurak gaur egun ezagunak dira eta horregatik, hainbat janari eta elikadura produktuk Bifidus edo Lactobacilus antzeko hitzak erabiltzen dituzten bere osagaietan eta propagandan, elikagai osasuntsuaren eredu bezala agertzeko asmoz.

Mikrobiotaren inguruan beste aspektu interesgarri bat ikertu da azken urteotan, hesteetako mikrobiotaren eragina gure adimenean. Aspaldi ezaguna da mikrobiotaren eta estresaren arteko harremana, baina gaur egun, mikrobiotaren eta ikasteko ahalmenen (adimena) arteko erlazioa noraino heltzen den aztertzen ari dira. Argi dago hesteetako mikrobiotak eragina duela saguen garunetan, behintzat horrela erakusten dute saguetan egindako esperimentuek, beste kontu bat da adimena garatzeko ahalmena izatea. Horren inguruan industria oso bat dago, elikagaien industria, eta enpresa hauek ez dituzte argitaratzen lortzen ari diren emaitzak. Agian, hemendik gutxira gure adimena hobetuko duten jakiak agertuko dira...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.