Merkataritza gerrak Txinako BPGaren hazkundea moteldu du

Iker Aranburu.
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Txinako barne produktu gordina %6 hazi da urteko hirugarren hiruhilekoan, azken 30 urteetako tasarik txikiena. Besteak beste, AEBk Txinaren aurka abiarazitako merkataritza gerraren ondorio da, industria esportatzailearen jarduna moteldu duelako. Irailean, Txinaren esportazioak urtebete lehenago baino %3,2 txikiagoak izan ziren. Hilabete horretan ere, industriaren prezioak %1,2 jaitsi ziren, produktuak saltzeko dituzten zailtasunen ondorioz.

Urteko hirugarren hiruhilekoaren datua uste baino txarragoa izan da, %6,1ekoa espero baitzuten adituek. Azken 30 urteetako gehienetan bi digituko hazkundea izan du Txinak urtero, baina erritmo horri eustea ezinezkoa dela eta hazkundea moteltzen ari dela onartu du Txinako Gobernuak. Edonola ere, nabarmendu du munduko ekonomia handienetan onenetakoa dela. Analista askok uste dute datu ofizialak puztuta daudela eta benetako hazkundea askoz txikiagoa dela.

Hazkundearen moteltzea ez da berri ona Xi Jinping presidentearentzat, ekonomia indartsua eta langabezia txikia behar baititu Txinako Alderdi Komunistak gizartean duen babesa ez galtzeko. Txerriaren izurrite afrikarra eta Hong Kongeko herritarren matxinada batu zaizkio azken hilabeteetan arazoen zerrendara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.