Albistea entzun

Tokio 2020. ATLETISMOA

IZARRAK, 400EKO HESIDUNEAN

Munduko markak ezarri dituzte 400 metroko hesidunean: Karsten Warholmek gizonetan, eta Sydney McLauglinek emakumeetan. Yulimar Rojasek jauzi hirukoitzeko marka ondu du, eta luzeago ere jauzi egin dezakeela erakutsi du.
EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea - Berriemaile berezia

2021eko abuztuak 8 - Tokio

MARKAK
HISTORIAKO LASTERKETA ONENA?

Tokioko Jokoetako atletismo lehiaketaren kalitatea marken arabera neurtuz gero, ez dira asko hautsi, baina hautsi direnak oso esanguratsuak izan dira.

Normalean ez da izango arreta gehien jartzen zaion proba, baina 400 metroko hesiduna izan da Tokioko lehiaketa izarra. Munduko bi marka hautsi dituzte bertan, bai gizonetan, bai emakumeetan.

Gizonetan, Karsten Warholm norvegiarrak 45,94 segundoko denbora egin zuen finalean. 46 segundotik behera, lehen aldiz. Aurreko bere marka baino 0,76 segundo gutxiago. Rai Benjamin estatubatuarrak ere, bigarrenak, aurreko munduko marka hobetu zuen. Historiako lasterketarik onena dela esan dute. Kirolean ikusi duen «errendimendurik ikaragarriena» dela aipatu du Michael Johnson atleta ohiak. 400 metroko munduko marka, hesirik gabe, 43,03 segundokoa da.

Emakumeetan ere lehenengo biek hobetu zuten aurreko munduko marka: Sydney McLaughlinek irabazi zuen (51,46), eta Dalilah Muhammad izan zen bigarren (51,58). Biak dira estatubatuarrak. McLaughlinena zen aurreko marka. Urrea ere irabazi du 4x400eko txandakakoan.

Dominen marka lortu du Allyson Felix estatubatuarrak: 11. Domina gehien lortu duen emakumezko atleta da. Bat gutxiago du Paavo Nurmi finlandiarrak.

AEB-AK
GIZONEN LEHORTE HISTORIKOA 

AEBetako taldeko gizonek ez dute banakako urrezko domina bakar bat ere irabazi korrika probetan. 1896an Olinpiar Joko modernoak hasi zirenetik, lehen aldiz. Ez zuten espero: urrezko hamalau domina irabazi zituzten duela bi urteko munduko txapelketan, Dohan. Irabazteko hautagai nagusiak ziren 100 metrokoan (Trayvon Bromell), 200 metrokoan, (Noah Lyles), 110 metroko hesidunean (Grant Holloway)..., baina kale egin dute. Gainera, batzuek barre egin dute haien kontura, 4x100 metroko txandakakoan ez zirelako gai izan lekukoa behar bezala elkarri emateko, eta ez zirelako sailkatu finalerako (lehen aldiz). Emakumeek bi urre irabazi dituzte banakako korrika probetan.

Errusia ez dabil askoz ere hobeto: urrezko domina bat eta zilarrezko beste bat lortu ditu, gorako eta pertika jauzietan.

ABIADURA
THOMPSON-HERAH ETA ITALIARRAK 

Tokioko abiadura probetan korrikalariren bat nabarmendu behar bada, hori Elaine Thompson-Herah jamaikarra da. Urrezko domina irabazi du 100 metrokoan, 200 metrokoan eta 4x100 metroko txandakakoan. 100 metrokoan, gainera, ehunen bat hobetu du Florence Griffith-Joynerrek 1988an Seulen jarritako marka (10,62).

Gizonetan, izen bat baino gehiago, herrialde bat nabarmendu behar da: Italia. Bai, Italia. Italiar batek irabazi du 100 metrokoa (Lamont Marcell Jacobs) eta Italiako taldeak 4x100 metroko txandakakoa. Ehunen baten aldea atera zion Erresuma Batuari.

200 metrokoan, Andre de Grasse kanadarra nagusitu zaie estatubatuarrei; 110 metroko hesidunean, Hansle Parchment jamaikarra; eta 100 metroko hesidunean, Jasmine Camacho-Quinn puertorricarra.

JAUZIAK
ROJAS, MARKA ETA ETORKIZUNA

Jauzi hirukoitzeko finalean, Yulimar Rojas venezuelarrak jauzi egiten zuen bakoitzean, erakusten zuen munduko marka hobe zezakeela. Jauzia egiteko mugaren marra eta plastilina zapaldu zituenetan, marratik aurrera zapaldutako zatia baino askoz ere handiagoa izan zen munduko markari kendu zion koska. Mugatik atzera zapaldu zuen arte. Munduko marka berria jarri zuen: 15,67 metro, 1995etik indarrean zegoena baino 17 zentimetro gehiago. Eta sentipen bat: marka hori txiki utziko duela.

Bestela, bi lehiaketa aipagarri: alde batetik, Miltiadis Tentoglu greziarrak, ezustean, irabazi egin zion Juan Miguel Echevarria kubatarrari luzerako jauzian; bestetik, Armand Duplantis saiatu zen pertika jauziko bere munduko marka hobetzen (6,17 metro), baina ez zuen lortu, gutxigatik.

IRAUPENA
SIFAN HASSANEN ERRONKA

Sifan Hassan herbeheretarrak sekulako erronka jarri zion bere buruari: 1.500, 5.000 eta 10.000 metrokoan lehiatzea. 5.000 metrokoan irabazi egin zuen, azken itzulian sekulako erritmo aldaketa eginda; 1.500 metrokoan hirugarren izan zen, sailkatze proban lurrera erori eta, halere, irabazita; eta 10.000 metrokoan nagusitasunez gailendu zen atzo.

Joshua Uga Cheptegei ugandarrak irabazi du 5.000 metrokoan. «Akats txiki bat» egin zuen 10.000 metrokoan: Selemon Barega etiopiarrak irabazi zion. Etiopiarrek 2008an irabazi zuten 10.000koa azken aldiz.

3.000 metroko oztopodunetan, gizonetan, Soufiane El Bakkali marokoarrak kenyarren bederatzi Jokotako nagusitasuna eten du; emakumeetan, Peruth Chemutai izan da urrezko domina irabazi duen lehen emakume ugandarra.

C. MBOMA
MUGAK BEREZKO EZAUGARRIEI

Christine Mboma eta Beatrice Masilingi korrikalari namibiar gazteen gorputzek emakumeetan ohi den baino testosterona gehiago sortzen dute. 400 metroko korrikalariak ziren, oso azkarrak. Baina World Athleticsek, uztailean Jokoak hasi ziren hilabete berean, debekatu egin zien Tokion 400 metrokoan lehiatzea, ustez distantzia horretatik aurrera nabaritzen direlako testosteronaren abantailak. 400 metrokoan lehiatzeko, botikak hartu beharko lituzkete, testosterona gutxitzeko. Distantzia motzagoetan, ordea, lehiatzen utzi zien, eta 200 metrokoan aritu dira. 18 urteko Mboma bigarren izan da.

World Athleticsek ez du asmorik halako kasuetan erabiltzen dituen irizpideak aldatzeko, baztertzaileak direla onartu badu ere eta gero eta ikertzaile gehiagok zalantzan jartzen badituzte ere.

PISTA
TRANPOLINAK HANKA AZPIAN

«Hankak biraka ariko balira bezala sentitu dut, lurrik egongo ez balitz bezala». Argi eta garbi azaldu du Kyron McMasterrek laugarren 400 metroko hesidunean zer sentitzen den Tokioko olinpiar estadioko pistan korrika egitean.

Italiako Mondo enpresak diseinatu du pista. Atleten errendimendua %1-2 artean hobetzen duela esan du. Ez dirudi asko, baina asko da ehunenen aldeak baino egoten ez diren kirol batean.

Pistaren goiko geruza oso fina da, 14 milimetrokoa, baina kautxu erdi bulkanizatuzko garau batzuk gehitu dizkiote. Pistaren azpian hexagonoz osatutako geruza bat dago, eta aire poltsa txikiak sortzen dira hexagonoetan. Oinkaden kolpeak xurgatzen dituzte, eta energia pixka bat ematen diete bueltan korrikalariei, tranpolin baten moduan.

BERDINKETA
BI URRE, BI LAGUN POZIK

Tokioko Olinpiar Jokoetako momentu berezienetakoa izan da; atletismoaren historiakoa ere bai, ziurrenik: Gianmarco Tamberi italiarrak eta Mutaz Barshim qatartarrak urrezko domina partekatzea erabaki zuten gorako jauzian. Biek hutsik egin gabe gainditu zituzten altuera guztiak, 2,37 metroraino; kale egin zuten, ordea, 2,39 metroak pasatzeko egin zituzten hiru jauzietan. Epaile batek beste jauzi bat egitea eskaini zien, berdinketa hausteko. Barshimek, ordea, beste aukera bat proposatu zion epaileari: «Jauzirik egiten ez badugu, bi urre izan ditzakegu?». Epaileak baietz erantzun zion, Tamberik proposamena onartu zuen, eta ospatzen hasi ziren.

Bi irabazle, irabazle baten eta bigarren sailkatu baten ordez. Bi kirolari, bi lagun, pozik. Tamberik ezin izan zuen Rioko Jokoetan parte hartu, lesio larri batengatik. Barshim ere min hartuta egon da. Tamberik lesionatuta egon zeneko igeltsua erakutsi zuen estadioan: Road to Tokyo jartzen zuen (Tokiora bidean).

Elkartasunaren, laguntasunaren... gorazarrea dela esan dute, munduko lehiaketa eta lehiakortasunaren ikur garrantzitsuenean. Badira, baina, urrea partekatzeko aukera kritikatu dutenak ere. Lehiaketak irabazle bat behar dutela diote, eta lehiaketa lehiatzeko dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Mendian arriskua kudea dezakezu, baina ezin duzu desagerrarazi»

Jon Artano Izeta

Mendi gidaria da, eta gidarigaien irakaslea. 30 urte daramatza Huarazen, Peruko Mendikate Zurian, eta ezagun du. 'Pucha', 'cachuelo', 'chibolo'... Ande-kontrako gaztelaniaren hitzak darabiltza, eta hango airea ere badu haren jardunak: 'empesar', ahoskatzen du, 'haser'... «Euskalperutarra» dela dio; herrialdeko mendigoizalerik onena dela esan izan dute hangoek.
Julen Alberdi <em>Txikia IV.a</em>, garaipena ospatzen, herenegun. ©JON URBE / FOKU

Gai dela berretsi du

Jon Ander De la Hoz

Julen Alberdi 'Txikia IV.a'-k estreinakoz irabazi du Urrezko Kopa, Iker Vicenteri eta Mikel Larrañagari aurrea hartuta: «Lan exijentea izan zen».
Nacho Monreal jokalaria, 2021eko irudi batean. ©Javier Etxezarreta, EFE

Nacho Monrealek futbola utziko du

Uxue Rey Gorraiz

«Garai bat bukatu da. Beste bat hasi. Zoriontsu naiz», azaldu du futbolari nafarrak sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Hamasei urte egin ditu futbol profesionalean; Osasunan eta Realean horietako hainbat.

 ©NADETH AGIRRE

«Gure arraun egiteko erari eustea izan da arrakastaren gakoa»

Julen Etxeberria

Oriok hirugarrenez irabazi du Euskotren liga, baita Nadeth Agirrek ere. Baina gehiago nahi dute. «Zarautzen irabazi nahi dugu, lana biribiltzeko. Gero, Kontxan nagusitu nahi dugu».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...