Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Euskaraz ezin da

2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Paisaia linguistikoa akatsik gabe irakurri; hizkuntza menderatzen ez duten politikariak eta goi karguak zuzen samar egiten entzun; eskolako gurasoen bilera egin; aireportuko segurtasun ilarako argibideak ahoz jaso; Euskal Herriko gimnasio gehienetan klaseak jaso; asteko egun guztietan egunkari bat osorik irakurri; zenbait kirol saioren zuzeneko emankizunak entzun; ume zein helduen balorazio diagnostiko psikologikoak egiteko testak erabili, guraso hizkuntzan egotea ezinbestekoa denean; futboleko entrenatzaile zein epaile izateko formakuntza jaso; auto rallyetako oharrak esan; zinemarako gidoigintza ikasi; arte eszenikoetako goi mailako titulua eskuratzeko formazio-ibilbidea egin; Euskal Herriko bizilagunen komunitate gehienetako bilerak egin; euskararen eta Euskal Herriaren aurkako diskurtso politikoak entzun; MBA bat ikasi; rap batailak ikusi; 25 urtetik beherako ikaslea izan eta unibertsitate gradu bat online ikasi; film bat osorik pentsatu, sortu eta ekoiztu; musika urbanoa entzun; Whatsapp erabili; eskolako gurasoen Whatsappean aritu; telebista euskaraz programatu; Disneyren azken filmak ikusi; ETB1en fikziozko telesail propio bat ikusi; marrazki bizi entzutetsuenak zein animeak ikusi, garai batean ez bezala; aspaldiko film klasikoez gozatu; txutxu-mutxu saioak ikusi; Netflix, HBO edo Movistar+ erabili; fantasia eta zientzia fikziozko telesail eta film gehienak ikusi; Game of Thrones, Stranger things, Peaky Blinders edo Vikings-en gisako telesailez gozatu, bikoizketa edo azpitituluen bitartez; Iphone bat erabili; Alexari edo Siriri hitz egin; Iphonean Facebook euskaraz erabili; sakelako telefonorako zuzentzailea euskaraz izan; Twitterren iragarkiak egin; Duolingo webgunean hizkuntza ikasi; Amazon, Wallapop eta gisakoak erabili; arropa salerosteko app-ak erabili; telefono konpainietako saltzaile nekaezinekin berba egin; bideo-joko gehienetan ibili, bereziki, oihartzun handiko Minecraft, Witcher, Red Dead Redemption eta gisakoetan; gameplay eta bideo-jokoen inguruko youtuberrak topatu; Youtuben iragarkiak egin. Irakurri: prentsa arrosa; moda aldizkariak, blogak edo iruzkinak; kirol aldizkariak; nerabeentzako aldizkari arinak; chick lit eta lad lit; literatur klasiko handi ugari; Margaret Atwood, Naomi Klein, Zygmunt Bauman, besteak beste; gaztetxoei zuzendutako fantasiazko literatura; Bilboko taberna gehienetako menuak; botiken argibide-orriak; elektrotresna eta altzari gehienen argibide liburuak... (irakurri, agian; ulertu?). Itzulpenak gaztelania edo frantsesezko bertsioen prezio berean erosi. Oro har, administrazioko zeinahi langilerekin (izan polizia, osagile, atezain, teknikari...) lehen hitza ziurtasunez egin; ahozko epaiketak egin eta bereziki epaileen gehiengoa mintzatu; edozein notaritzatan hipoteka, testamentua zein beste izapide batzuk egin; ABEEen izapideak egin; etxe baten tasazioa egin; posta bidezko botoa eskatu; arkitektura proiektu bat idazteko derrigorrezko araudia irakurri; kultur arloko erakunde nagusietako buruekin bilera bat egin; prentsa-ohar guztiak jaso; EAEko administrazio nagusietako hainbat komunikazio arduradunekin mintzatu; agintarien eztabaiden eta agerraldien parte mamitsuenak zuzenean entzun; Iberdrola eta enpresa handietako telefono bidezko langileekin jardun; Documento Nacional de Identidad lortzeko izapidea egin; Correos-en bulegoetan aritu; Euskal Herriko hiriburuetan lasai antzean erabili.

XXI. mendean bizitzaren eremu guztietan estres linguistikorik gabe bizi;

bizitzaren eremu guztietan estres linguistikorik gabe bizi;

bizitzaren eremu guztietan bizi;

Bizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.