Mendi lasterketak

Beteranoen nagusitasuna

Ion Azpiroz eta Uxue Fraile korrikalariek irabazi dute Euskal Herriko Ultren Txapelketa, Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka lasterketan gailenduta
IDOIA ZABALETA / @FOKU

Unai Ugartemendia -

2019ko maiatzak 21
Azken urteetan ultra distantzian goi-goian ibili diren bi korrikalari izan ziren nagusi larunbatean jokatu zen Euskal Herriko Txapelketan: Uxue Fraile eta Ion Azpiroz. Euskal Herritik kanpo hainbat lasterketa irabazi badituzte ere, lehenbizikoz lortu dute garaipena Leitzako (Nafarroa) Euskal Herria Mendi Erronkan eta baita Euskal Herriko Txapelketan ere. Eskarmentua izatea ezinbestekoa da horrelako distantzietako lasterketetan —Leitzakoak 67 kilometro eta 3.600 metroko desnibel positiboa ditu—, eta biek dute eskarmentua sobera.

Zazpigarren ekitaldia zuen Leitzako lasterketak, eta, urtero moduan, lasterketa irabazteko korrikalarien zerrenda ikusgarria zen: iazko bi irabazleak, Raul Macarro eta Izaskun Zubizarreta; Silvia Trigueros —iazko Tor des Geantseko irabazlea—, Igor Amantegi —iaz bigarren—, Uxue Fraile —2018an bigarren UTMBn— eta orain bi aste Vio Haraneko Ultratraila (Huesca, Espainia) irabazi zuen Ion Azpiroz. Horiez gain, 710 korrikalari gehiago elkartu ziren 08:00etan Leitzan. Lasterketa hasi baino hamabost minutu lehenago, antolatzaileek omenaldia egin zioten Iker Karrera mendi lasterkari ezagunari.

Hiru urte ziren Azpiroz Leitzan lehiatzen ez zela. Bertan parte hartu zuen azkenekoan, lesio batek etxerako bidean jarri zuen. Geroztik, Euskal Herrian ultra distantzian dagoen korrikalaririk onenetakoa bihurtu da.

Jonathan Tejada errioxarra izan zen, ordea, eguneko sorpresa nagusia. Jonathan eta Fernando Tejada anaiak ezagunak ziren Euskal Herriko iraupen luzeko mendi martxetan, baina duela gutxi egin dute jauzi mendi lasterketetara. Nabarmentzekoa da igotzeko duten erraztasuna.

Atzetik aurrera

Jonathan Tejada izan zen lehena Gaintzan (18. kilometroa), Irumugarrietako gainean (1.431 metro) eta Lekunberrin (45. kilometroa). Baina azken hogeita bost kilometroetan sartuta, bere sasoia eta eskarmentua baliatuta, Azpiroz berastegiarra izan zen lasterketaren buruan. Nagusitasunez lortu zuen garaipena Leitzako plazan. Tejadak bigarren postuari eustea lortu zuen, eta Asier Etxebarria basauriarra helmugaratu zen hirugarren.

Emakumeetan, Euskal Herria Mendi Erronkaren historian egon den lehiarik politena ikusteko aukera izan zuten ikusleek. Argi zegoen lasterketa bi korrikalariren arteko lehia izango zela. Gaintzatik eta Irumugarrietatik Trigueros abadiñarra igaro zen lehen postuan. Irumugarrietako gainean (22. kilometroa) bost minuturen aldea ateratzen zion Triguerosek Fraileri, baina hamar kilometro aurrerago, jada Fraile igaro zen lehen postuan. Oso alde gutxirekin ekin zioten lasterketaren azken zatiari, baina Frailek erritmoa bizitu zuen eta helmugan hamalau minuturen aldea atera zion Triguerosi. Hirugarren postuan Izaskun Zubizarreta sailkatu zen.

Euskal Herria Mendi Erronkak beste bi lehia ere bazituen: alde batetik, Gaintzatik Irumugarrieta gailurreraino osatutako kilometro bertikala; bestetik, bikoteena —bakoitzak ibilbidearen erdia egin zuen—.

Kilometro bertikalean Jonathan Tejada eta Izaskun Zubizarreta izan ziren azkarrenak. Tejadak, 50 minutu eta 58 segundo behar izan zituen. Etxebarria izan zen bigarren (54.49) eta Azpiroz hirugarren (55.35). Emakumeetan, Izaskun Zubizarretak ordu bat, lau minutu eta lau segundo behar izan zituen Irumugarrietara iristeko. Silvia Triguerosek hiru minutu gehiago (1.07.17) eta Frailek lau minutu gehiago (1.08.20).

Bikotekako lasterketan Garazi Artola eta Ibai Madina izan ziren azkarrenak. Bien artean zazpi orduan eta hamar minutuan egin zuten ibilbidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna