Frantzian diren euskal preso guztiek eskatzen ahalko dute baldintzapean aska ditzatela

Kontseiluak konstituzioaren kontrakotzat jo du hori egitea eragozten zien araua. 2020ko uztailaren 1a arteko epea eman diote gobernuari legea aldatu dezan
Euskal presoen askapena eskatzeko manifestazio bat egin zuten 2017ko abenduan, Parisen.
Euskal presoen askapena eskatzeko manifestazio bat egin zuten 2017ko abenduan, Parisen. MARISO RAMIREZ / FOKU

Ekhi Erremundegi Beloki -

2019ko irailak 7
Frantzian preso diren euskal preso guztiek eskatu ahalko dute baldintzapean aske uzteko. 2016. urtetik, Frantziako zigor prozedurako lege artikulu berri batek eskaera horiek egiteko baldintzak zorroztu zituen, eta Frantziako lurraldean egoteko debekua jasoa zuten atzerriko presoei eskaera egitea eragotzi zien, de facto. Maritxu Paulus Basurco abokatuak arazo hori aipatu zuen joan den uztailaren 23an, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren aitzinean, Alaitz Areitio euskal presoaren kasutik abiatuta. Atzo, Kontseiluak ebazpena atera zuen, eta zigor prozedurako Frantziako Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen 730-2-1. artikulua. 2020ko uztailaren 1a arteko epea eman diote Frantziako Gobernuari Frantziako nazionalitatea ez duten presoek baldintzapean askatzeko eskaerak egin ahal izateko, legea alda dezan. Paulus Basurco, Xantiana Cachenault eta Clara Rouget-Aranibar EPPK-ko presoen abokatuek Frantziako Gobernuari dei egin diote behar diren neurriak har ditzan.

2016ko ekainaren 3an aldatu zuten Frantziako zigor prozedurako kodea, eta bertan erabaki zuten «terrorismo» aferetan zigortuak izan diren guztiek proba epe bat bete beharko zutela baldintzapean aske uzteko eskaerak egiteko —urte bat eta hiru urte artekoa, zaintza neurriekin—. Hor sortu zen arazoa: Frantziako lurraldean egoteko debekua zuten Hego Euskal Herriko presoek, edo euroagindu edo estradizio prozedura batean zirenek, ez zuten baldintza hori betetzen ahal; ez zuten dispentsarik aurreikusi, eta, beraz, ez zuten baldintzapean aske uzteko eskaera egiteko aukerarik. «Lege hori aitzin, preso batek kanporatze agindua zuenean —judiziala edo administratiboa— besteen moduan eskatzen zuen baldintzapean aske utz zezatela. Desberdintasun bakarra zen onartuz gero Frantziatik kanporatuak zirela. Kondena luzeentzat, Frantziako legeak aurreikusten zuen jadanik froga epe bat ezartzea, baldintzapean askatzeko prozeduran sartu aitzin. Kasu horretan ziren atzerritarrak, kanporatuak ziren besterik gabe», azaldu du Paulus Basurcok.

2016ko lege moldaketaren ondorioz, ez dute baldintzapean aske uzteko eskaerarik egin ahal izan Hego Euskal Herriko presoentzat. «Proba garai hori Frantziako lurraldean egin behar duzu; zuk debekua baldin baduzu lurraldean egoteko, ezin duzu proba epe hori bete. Egoera hori are latzagoa da bizi osorako kondena dutenentzat, irteteko aukera bakarra baldintzapean aske uztea baita». Frantziako Konstituzio Kontseiluaren aitzinean, abokatuak ohartarazi zuen 2016ko legeak berdintasun, proportzionaltasun, eta gizarteratze printzipioak urratzen zituela.

Atzo argitaratu zuen ebazpenean, Frantziako Konstituzio Kontseiluak epea eman dio Frantziako Gobernuari. Berantenez 2020ko uztailaren 1erako egin beharko du legearen aldaketa, Frantziako nazionalitatea ez dutenek ere baldintzapean aske uzteko eskaerak egiteko aukera izan dezaten. Egun horretarako egiten ez badu, legea bertan behera geldituko da. Paulus Basurco: «Ez dute heldu den urteko uztail arte itxaron beharrik. Nahi badute, berehala egin dezakete».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna