Koronabirusa. Haurren egoera

KAIOLA BARRUKO JOLASAK

Haurrak etxetik atera ezinda daude konfinamenduaren ondorioz Hego Euskal Herrian. Izurria hesitzeko harturiko neurri zorrotzek estu mugatu diete bizimodua, beste kolektibo askori bezala. Ozendu egin dira egunotan neurriak arintzeko eskeak. Ikerketak ere abian dira, eta, bai: ondorioak ditu itxialdiak umeetan ere. Era askotakoak.

BERRIA.
arantxa iraola
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Kaiolan. COVID-19 eritasuna eragiten duen birusa guztiz oldartuta dabilen garaiotan, ezinbesteko neurria da konfinamendua, gogorra, oro har, gizarte osoarentzat, eta, ankerra, bereziki, kalera irteteko autonomia urria duten herritarrentzat. Kaiola estuagoa da haientzat. Hego Euskal Herrian bereziki nabarmendu dute egunotan hainbat familiak eta eragilek haurren egoera; izan ere, Espainiako Gobernuak konfinamendurako hartutako neurri estuen ondorioz, kalera irten ezinik daude: paseo bat ere ezin dute egin. Ozendu egin da irizpide hori apur bat arintzeko aldarria. Balkoietara lapiko hotsak atera dituzte hainbat sendik aldaketa eskean, eta umeen aldeko neurrien aldeko mezuak naro-naro ibili dira sare sozialetan. Hezkuntza alorreko hainbat adituk ere bat egin dute kezka horrekin. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk berak atea irekitzeko eskatu du haurrei irteten uzteko. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek bart iragarri du hilaren 27tik aurrera atera ahalko direla kalera, betiere baldintza batzuk beteta —ez dute zehaztu zein—. Haurrentzat kasurik gehienetan ez da arriskutsua COVID-19a; etxean daude, bereziki, birusa zabaltzeko arriskua handitzen dutelako libre badabiltza.

Mehartutako eremu batean bizitzeak ondorioak ditu haurrengan ere, askotarikoak: kalterako asko. Hainbat ikerketa abian dira Euskal Herrian hori aztertzeko, eta horietako batean murgilduta dago EHUko Hezkuntza Fakultateko irakasle Nahia Idoiaga. Eusko Jaurlaritzaren KideOn ikerketa taldean dihardu Naiara Berasategi, Amaia Eiguren, Maria Dosil, Maitane Picaza eta Naiara Ozamiz kideekin batera. Asteotan 3-12 urte arteko 250-300 ume ingururen bizipenak jaso dituzte: haiek konfinamenduaren harira, eta konfinatuta, egin dituzten marrazkiak aztertu dituzte. Gurasoak ere elkarrizketatu dituzte; 1.500 inguru. Ororen gainetik, itxialdia ezartzean bazter utzi zen begirada bat lehenestera egin nahi izan dutela esan du Idoiagak. «Izan ere, umeak orain arte kontuan hartu dira alor bakar batean: akademikoan. Beste alor guztiak ez dira kontuan hartu». Baina, jakina, haurren bizipenak eta emozioak aztertzen hasita, aintzat hartu beharreko unibertso oso bat agertu zaie: bor-bor.

Bizimodua errotik aldatu zaien asteotan umeek etxean egindako marrazkiei begira, haien gurasoen bidez jaso dituzten bizipenak adituta, emozio asko ikusi dituzte ikertzaileek. Loretan. Beldur dira haurrak: «Beldurra pasatzen ari dira. Beldurra, bereziki besteengatik: aitona-amonak kutsatuko diren beldur dira. Esaterako, batzuek esan dute errudun sentituko liratekeela aitona-amonak kutsatuko balituzte. Izan ere, guztiok erabili dugun diskurtso bat da: 'Ezin gara aitona-amonen etxera joan, kutsatu egin ditzakegu eta'. Baina kontuz ibili behar dugu diskurtso horrekin; izan ere, sentimendu horiek hor daude: errudun sentimendua sortzeraino. Eta aitona-amonak kutsatzen badira, ez da haien errua izango. Hori ere zaindu egin behar da. Landu beharreko ildo bat da». Kalea arrotz sentitzen ere hasi dira haurrak: «Agertu da, era berean, kalera ateratzeko beldurra: beldurra dute kalera ateratzeko. Izan ere, gaixotasuna kalean dagoela esan diegu behin eta berriro umeei. Kontuz ibili behar da, beraz, diskurtso horiekin ere, ez sortzeko alferreko beldurrik. Kanpora atera daitezke umeak ere, noski; irteteko aukera ematen zaienean».

Muturreko emozioak

Badira emozio gehiago. Haserrea: «Batez ere, bakardadearengatik; lagunekin ez egoteagatik». Asperdura: «Etxeko lanekin lotuta agertzen da, batez ere. Hori ere landu egin beharko litzateke. Azken finean, umeekin egin den lanketa hezkuntza aldetik izan da, eta, ados, garrantzitsua da hori. Baina era eraikitzaile batean egin beharko litzateke, zeren eta, aspergarriak diren lan batzuk ematera egiten bada, gero etxean igual beste gatazka batzuk sortzen baitira horren harira». Artegatasuna: «Jakin nahi dute hau noiz bukatuko den. Izan ere, inolako argibiderik ez zaie eman. Noiz atera ahal izango dute ordu erdi baterako kalera; aukera hori mahai gainean jarri ere ez da egin orain arte». Nahigabea: «Tristura eman die guzti honek, oso erresilienteak dira, eta egoera honetan ere pozik bizi dira, eta disfrutatzen dute ematen zaien guztiaz, baina hori hor dago». Poza eta lasaitasuna ere agertzen dira, emozioen ozeano horretan nahasita: «Izan ere, etxean, familiarekin, pozezko uneak dituzte, baina, era berean, haserrealdi uneak ere bai; muturreko egoera da, eta muturreko emozioak sortzen ari da».

Ikerketan aztertu dute umeek zer-nolako irudia eta ulermena duten COVID-19aren inguruan ere. Idoiagaren arabera, «zomorro» baten gisara aurkezten dute gehienek. «Eta oso argi dute medikuak direla honetan guztian heroiak: haiek salbatuko gaituztela. Irudi oso argia da, eta behin eta berriz errepikatzen da».

Erpin askotatik begira

Luzerako doa osasun krisia, eta gizarte osoak nola, adingabeek ere bakartze neurrien itzalean bizi beharko dute luzaroan; irteten uzteko neurriak hartzen hasita ere, oso mugatuak izango dira. Beste leku batzuetako esperientzien arabera, tarte labur batean ibili ahal izango dute kalean, eta lagunduta. Taldean jolasean ezingo dute ibili. «Eta seguruenera, dituzten gabezia asko ez dira aseko», onartu du Idoiagak. Honek guztiak ekar ditzakeen ondorioak era «holistikoan» aztertu behar direla argi du: errealitateak askotarikoak direla ulertuta.

Bizitokiari begira: «Ume askok, esaterako, ez dute etxean mugitzeko lekurik, edo eguzkiak emango dien toki bat». Bizilagunen arabera: «Neba-arrebarik ez duten umeak badira. Badira haurrak daramatenak denbora luze bat beste umeekin egon gabe. Bai, bideo deiak-eta badira, baina ez da gauza bera». Inguruan egokitu zaizkien arazoen kopuruaren eta tamainaren arabera: «Hor ditugu familia desegituratuetako umeak, edo biolentzia pairatzen ari direnak, edo gurasoren bat edo etxekoren bat gaixotu zaien umeak: eremua oso zabala da, eta egoerarik onenean ere kalteak egon daitezke». Bereziki, «emozio errepikatuen» aurrean adi egon behar dela uste du Idoiagak. «Emozio negatiboak denbora luze batean errepikatzen badira, hor sor daiteke arazoa». Horiek arintzen laguntze aldera, hitzak ongi neurtu behar ditugu helduok, alferrikako larritasunik ez sorrarazteko: «Guk ere gure diskurtsoa zaindu behar dugu».

Alde horretatik, haurren beharrei erreparatu behar zaie era zabal batean: arlo akademikotik harago. Eta orain arte gailendu dena baino ikuspegi osoagoarekin. «Izan ere, arlo akademiko horretan ere, umearen bizipoza kontuan hartu beharrean, konpetentziak edo errendimendu mailak hartu dira kontuan», deitoratu du Idoiagak. Eta zama da hori etxe askotan: «Gatazka sortzen ari da, esaterako, etxeko lanen kontura». Adierazi du deus jazo ez balitz bezala ikasturtearekin jarraitzeko ahalegina egitea bide antzua dela. «Ez dauka zentzurik eskolan egin beharko lituzketen sei lan orduak gero etxean egin beharrak». Uste du horregatik ikastetxeetako lana bideratzera egin beharko litzatekeela. «Badakit lan handia egiten ari direla: ahal duten guztia egiten ari dira. Baina, oro har, konpetentzietan ipini zaie ardatza, umeen errendimenduan. Esan zaie: 'Ezin du ume bakar batek ere ikasturtea galdu koronabirusarengatik'».

Harremanen munduan-eta hazteko eta hezteko ezinbestekoa da egun eskola, eta funtzio horri eusteko ahaleginetan ere indarra jarri beharko litzatekeela uste du Idoiagak; irakasle eta eskola hainbatek ikasleenganako atxikimendua erakusteko hainbat urrats egin dituztela badaki, baina plan bat nahi luke «instituzioen partetik» ere hutsune hori betetzeko baliabideak ezartzeko. «Izan ere, eskolan egunerokoan hori ere lantzen baita». Eta arriskuan daude orain hainbat haur: babesgabe utzi ditu konfinamenduak. «Zer geratzen da eskolan berria den ume horrekin?. Edo zer gertatzen da etxean egoera zailak bizitzen ari diren umeekin? Irakaslea daukate usu babes figura moduan».

Familientzako laguntzak

Konfinamendu neurrien ondorioz familien eguneroko martxari erantsi zaion zamari ere erreparatu behar zaio, Idoiagaren ustez. «Gurasoak ahal dugun ondoen egiten ari gara, baina testuingurua kontuan hartu behar da», azaldu du. Izan ere, osasun krisi betean, krisialdi ekonomikoa ate joka, zailtasunez betetako giroan ari dira maiz familia asko zaintza lanetan, ezinean: «Telelanean gabiltza asko, lehen baino lan gehiago eginez; beste guraso asko larrituta daude edo lana galdu dutelako edo beraien enpresek asteak daramatzatelako geldirik; eritu egin direlako daude kezkatuta beste hainbat familiatan...».

Horiek horrela, familien aldeko politikak beharrezkoak dira, EHUko ikertzailearen ustez. «Zaintzarako aholku asko eman zaizkigu gurasoei. Baina familiok, familia gisara, ez dugu inolako laguntza instituzionalik jaso. Politika publikoak behar dira». Eta umeei ateratzen hasten uzteko urratsak ere berandu baino lehen behar dira: «Konfinamendua bete dute, ondo bete ere. Ez du zentzurik heldu guztiok lanera itzultzeak, eta haiek momentu batean ere etxetik atera ezinik egoteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.