Bortxatu egin dutela salatu du adingabe batek Donostian

Gasteizen ikerketa bat abiatu dute gizon batek bi alabak bortxatu dituen argitzeko. Lesakako gizon bat kartzelara, urruntze agindua urratuta

Donostiako udal ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo udaletxearen aurrean, erasoa salatzeko. JUAN HERRERO / EFE.
Uxue Rey Gorraiz - Ion Orzaiz
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun

Indarkeria matxista kasu ugari salatu dituzte egunotan Euskal Herrian. Donostian, 14 urteko neska batek salatu du bortxatu egin dutela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Larunbat goizaldean izan zen bortxaketa, Loiolako Erriberak auzoan. Zehaztu dute, biktima ez ezik, susmagarritzat jo duten mutila ere adingabea dela. Ikerketa abiatu dute kasua argitzeko. Gertatutakoa salatzeko, protesta egin zuten atzo, eta bertan izan ziren udal talde guztietako eta Gipuzkoako Diputazioko ordezkariak.

Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak ere ikerketa bat abiatua du gizon baten kontra, sexu erasoa eta bortxa matxista egotzita. Bi alaba adingabe bortxatu izana leporatu dio haren bikotekide ohiak bi alaba horien ama ere bada emakumea. Salatzailearen arabera, gizonak sarri egin die eraso alabei. «Genero indarkeria» egotzita, beste gizonezko bat ere atxilotu zuen astelehenean Gasteizko Udaltzaingoak. Atxilotuak 34 urte ditu, eta bikotekide ohiari eraso egitea leporatu diote.

Gainera, Ertzaintzak BERRIAri baieztatu dionez, Arabako Aldundiaren tutoretzapean dagoen adingabe batek salaketa jarri zuen joan den astelehenean sexu abusuengatik. Ertzaintzak kasua ikertu du, eta epaileen esku dago. EITBren arabera, haren hezitzailea da salatutakoa, eta abuztuan izan zen erasoa. Azaldu dutenez, postutik kendu dute, eta kaleratzeko espedientea zabaldu diote.

Sakelakotik mehatxuka

Iruñean, berriz, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Auzitegiak bermerik gabeko behin-behineko kartzelaldi komunikatua ezarri dio Lesakako (Nafarroa) bizilagun bati. Epaileak ebatzi du bikotekide ohiarengana hurbiltzea debekatua zuen arren haren etxera joan eta hamasei whatsapp mezuren bidez «mehatxatu eta iraindu» egin zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.