Aranburu: «Ez dugu itzuli nahi normaltasun kapitalistara»

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, atzo, Donostia ospitalearen aurrean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak Donostia ospitalearen aurrean azaldu du Maiatzaren Lehenean bere sindikatuak zabalduko duen mezua. Atzean zituen osasun zerbitzuetako langileak, haien lana eta oinarrizko zerbitzuetako langile guztiena aldarrikatu nahi baitu LABek Maiatzaren Lehenean. COVID-19aren proba egiteko eskatu du, haiei lehenik, eta gainontzeko herritarrei ondoren.

Aranburuk salatu zuen «gehiegi» itxaron zutela oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko eta «presa handiegia» dagoela jardunera itzultzeko. LABen lehentasunak beste batzuk ziren: «Pertsonen osasuna eta beharrak lehentasun dituen itzulera nahi dugu, kapitalaren interesen gainetik». Normaltasun berri bat nahi du sindikatu abertzaleak: «Ez dugu nahi kapitalismoa oinarri duen normaltasunera itzuli, non ezinezkoa den bizitza duin bat garatzea eta non planeta suntsitzen den. Horregatik, Maiatzaren Lehenean bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat nahi dugula aldarrikatuko dugu».

Maiatzaren Lehenean aldarrikatuko duen normaltasun horren ardatzak azaldu ditu LABeko idazkari nagusiak. Batetik, sektore publiko indartsu bat eskatuko du, osasun eta zaintza sistema publikoak dituena. Ekoizpen eta kontsumo ereduak ere berriro pentsatu behar direla uste du sindikatuak, eta zerga politika «banatzaileago» bat ere bai. Gainera, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea bultzatu nahi du, «alarma egoera birzentralizaziorako baliatzen ari direlako».

Aurtengo Maiatzaren Lehena ezohikoa izango da, ez baita manifestaziorik izango. Horren ordez, LABek auto karabana bat egingo du, eta oinarrizkotzat dituen lantokietatik igaroko da, hango langileei babesa adierazteko. Beste leku batzuetatik ere pasatuko da, «kapitalaren interesak soilik defendatzen dituztenak kritikatzeko».

Internet bidez zabalduko du LABek bere mezua, 12:30etan. Herritarrei eskatu die Maiatzaren Lehenerako gehiengo sindikalak prestatu duen ikur bateratua erakusteko.

ELAk ere, Internet bidez

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, berriz, 12:00an zabalduko du bere mezua, Internet bidez hark ere. «Kapitalismoaren porrota» aldarrikatuko du Lakuntzak Langileen Nazioarteko Egunean. «Aldaketa handiak behar ditugu: austeritate politika alde batera utzi; bizi jasangarriak izan; zaintza lanari garrantzia eta balioa aitortu; zerbitzu publikoak eta oinarrizko lanen balioa indartu; gure ekonomia lurraldean errotu, globalizazioaren aurka… Justiziarako eta iraunkortasunerako bide bakarra dago: trantsizio sozial, feminista eta ekologistan aurrera egitea. Horretarako, gure ondasunik handienak ditugu mobilizazio soziala, aliantzak, elkarlana eta kalean agertzen dugun indarra».

ELAk ere gehiengo sindikalak prestaturiko kartelak zintzilikatzeko eskatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.