Moskuk esan du 200.000 herritar baino gehiago errekrutatu dituela

Igor Susaeta.
2022ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak herrialdeko agintari militarrei atzo jakinarazi zien jada 200.000 herritar baino gehiago errekrutatu dituztela Vladimir Putin Errusiako presidenteak irailaren 21ean agindutako «mobilizazio partzialaren» harira. Xoiguk aurreratu zuenez, mobilizaziorako deiak 300.000 bat erreserbistari eragingo die.

Defentsa ministroak zehaztu zuen 80 esparru militarretan eta sei instrukzio gunetan ari direla aurrera eramaten «prestakuntza lanak», eta aginduak eman dituela mobilizatutako guztiek «beharrezko ekipamendua» jaso dezaten. Xoiguk esan zuen, gainera, boluntario asko beren kabuz ari direla izena ematen mobilizatzeko.

Irailaren 21ean nabarmendu zuenez, «gaitasun militar bereziak» dituztenak eta borrokan eskarmentua duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteak deituko zituzten. Baina, hedabide askok frogekin erakutsi dutenez, eskarmenturik gabekoak ere deitzen ari dira. Horren erakusle, Kremlinek asteon hartutako erabaki bat: Khabarovsk eskualdeko komisario militarra kargutik kendu du, milaka herritar «modu irregularrean» mobilizatzeagatik. Putinek iragarpena egin zuenetik, herritar ugarik alde egin dute Errusiatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.