Galder Unzalu Etxabe. Antropologoa

«Egitasmoak izendatzea boterearen erakusketa bat da zuzen-zuzenean»

Bilboren aldaketan hizkuntzen presentzia ikertu zuen Unzaluk bere 'Sugea Dantzan: She´s in Fashion-etik Bilbao Euskaraz-era' tesian. Ingelesezko izenen erabilera aztertzen ari da sakontzen ari den lanean.

Jon Ander De la Hoz.
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Nazioartekotzeko estrategietan euskarak leku urria izateak marka gisa joka dezakeen rola «ukatzea» dela uste du Galder Unzalu Etxabek (Bilbo, 1977). Halaber, ingelesezko izenen erabilera euskarari «toki zentralak emateko erresistentzien» adibide dela dio.

Zer dago eraikinei, egitasmoei eta halakoei ingelesezko izenak jartzearen atzean?

Korronte globala da, ez da soilik Euskal Herrian gertatzen den fenomenoa. Nolanahi ere, gurean baditu osagai lokalak, eta, hain zuzen, gure erakunde publikoek Guggenheim museoa ikur duen Bilboren eraldatze eredua ñabardurarik gabeko arrakastatzat hartu eta saltzeak eman dio indar eta abiada berezia joera orokor horri. Behin hiri-metropoli eredu zehatz bat hautatu eta martxan jarrita, hirigintzatik hasi eta kultura eta hizkuntzaraino ondorioak dituen diseinu oso bat barneratzen da, eta ustez arrakasta eztabaidaezinera eraman duten osagai horiek errepikatzea bilatzen dute gainontzeko erakunde publikoek. Horregatik, ez dirudi eraikin eta egitasmoak ingelesez izendatzeko ohitura jada ez hain berri honek atzera egingo duenik.

Zein mailatan geratzen da euskararen presentzia halakoetan?

Euskal hiztunak behar du legitimatuta sentitu euskara bere esparru pertsonaletik atera eta euskaldun gisa aktibo agertzeko, bereziki, euskara berreskuratzen ari den eremuetan. Era berean, eskolatik euskaldunduta edo euskalduntze bidean irteten direnek behar dute euskara prestigiodun eremu eta esparru erreferentzialak«bustitzen» ikusi eta sentitu. Erreferentziazko eraikin eta egitasmoak ingelesez izendatuta, atzera egiten da bai esparruan izaten diren harremanak euskarara bideratzean, bai erreferentzialtasun sinboliko horrek zabaltzen dituen mezu eta balioak euskararen alde lerrokatzeko orduan. Euskaldunarentzako BEC [Bilbao Exhibition Centre] euskararentzako eremu abegikorra izan daiteke bertsolaritza finalen edo Berri Txarrak-en kontzertuaren ondoren, baina Bilboaldeko populazio erdaldunarentzako BEC izenak ez du inolako loturarik euskararekin. Erakustazoka deituko balitz, nabarmena litzateke hori. Halere, hau ez da soilik ingelesez izendatutako azpiegitura edo egitasmoekin gertatzen.

Esaterako?

Adibidez, Metro Bilbaok San Mameseko metro geltokiaren izenari Santimami gehitzeko erabakiaren aurrean Bizkaiko Batzar Nagusien gehiengoa aurka agertu izanak, Loiuko aireportua mediatikoki La Paloma berrizendatzeko ahaleginak edo Bilbao eta BizkaiaArena-k erakusten dute izendapenetan euskarari toki zentralak emateko erresistentzien aspaldiko inertzia eta mentalitate tradizionalei gehitzen zaion berri bat baino ez dela ingelesaren olatua. Orain arte elebidunak edo izen «neutroak» erabili badira euskara hutsezkoei batere protagonismorik eman gabe, ez dirudi kasualitatearen ondorio denik. Gran Teatre del Liceu bezalakorik ez badugu, ez da izendatzeetan ingelesa sartzearen ondorio.

Nazioartekotzearen inguruan egin dira halako egitasmo asko. Zer iritzi duzu?

Nazioartekotzeko ahal beste hizkuntza erabili behar dira. Ez dagoena hain argi da ea euskara ezkutatu beharra dagoen nazioartera bideratzen diren izenetan, marka gisa joka dezakeen rola ukatuta.

Euskarari eta hiztunei mezu zuzena bidaltzen zaie, gainera: «Ez duzu nazioartekotzeko balio, ez duzu homologaziorako balio, ez zara nahikoa etxetik ateratzeko». Euskara kanpora atera orduko ezkutatu egin behar da, ez baita ekonomikoa. Jakina, hiztunari gauza bera heltzen zaio: zuri «betidanik» dagozkizun eremuetatik atera orduko euskara gordetzeko, ez baitu horretarako balio.

Estetika hutsean geratzen dira halakoak?

Nire ustez, ez; askoz urrunago doa. Estetika arkitektonikoa edo urbanistikoa ere estetika baino askoz gehiago den bezala, itxura baino askoz gehiago da hizkuntza estetika, gehienbat boterea jokoan dagoen edo egikaritzen den eremuetan. Eta eraikin edo egitasmoak izendatzea, gustu hutsaz aparte, boterearen erakusketa bat da zuzen-zuzenean. Eraikuntza politiko eta ideologikoak dira estetika guztiak.

Bisitariei zer iritsarazten zaie ingelesezko izenekin?

Esanahi multzo bat ari zaio zabaltzen bisitariari: horietan nagusia bertako hizkuntza ez zaiela eskainiko, ezta eskaintza turistikoaren barruan ere. Dena den, bertako herritarrari zein esanahi ari zaion zabaltzen ere lehen mailako afera da, eta ez da kontuan hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.