Frantziak Xabier Goienetxea gerturatu du

2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantziako Gobernuak Xabier Goienetxea Iragorri euskal presoa (EPPK) Mont-de-Marsango espetxera (Okzitania) hurbildu du, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Orain arte, Fresnesko kartzelan zeukaten, Euskal Herritik —Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta— 870 kilometrora. Mont-de-Marsan 215 kilometrora dago. Paris iazko otsailean euskal presoak hurbiltzen hasi zenetik, Goienetxearen mugimendua halako 28.a izan da; horietatik hemezortzi Mont-de-Marsanera eraman dituzte, eta hamar, Lannemezanera.

2015ean atxilotu zuten Goienetxea, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), Iñaki Retarekin batera, ETAren «aparatu logistiko-militarraren» aurkako operazio batean. Iazko abenduan izan zen epaiketa, eta Retak azaldu zuen ETAren armagabetze prozesuan haren «zuloak ixteko helburua» betetzen ari zirela. Auzitegi Korrekzionalak zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zien Retari eta Goienetxeari; aurrenekoa Fresnesen dute preso.

Frantziako Estatuan gaur-gaurkoz 39 euskal preso daude: EPPK-ko 38 eta AEM inguruko bat. Euskal Herritik hurbilen diren bi kartzeletan 26 dituzte:hamahiruna Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.