EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestuko ditu

Loiolako kuarteleko lurrak Donostiako Udalaren esku geratzea, eta ikerkuntzan eta garapenean «gehiago» inbertitzea adostu dute jeltzaleek

Sanchez eta Esteban Kongresuan, joan den urrian. MARISCAL / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuei baietza emango die. Bigarren neurri sorta bat adostu du gobernuarekin, eta Aitor Esteban jeltzaleen Kongresuko bozeramaileak baieztatu zuen, atzo, PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizioak aurkeztutako aurrekontu proiektua babestuko dutela. Prentsaren aurrean egindako agerraldian nabarmendu zuen gustura daudela adostutakoarekin. Haren esanetan, ikerkuntzarako eta garapenerako «inbertsio gehiago» izango dituzte aurrekontuek. Gainera, Loiolako kuarteleko lurrak besterenduko dituzte, eta horiek Donostiako Udalaren esku geratuko dira 2021a bukatu baino lehen. Besteak beste, neurri horiek bildu dituzte akordioan.

Aurrez, beste lau zuzenketako sail bat onartu zion Espainiako Gobernuak EAJri: petrolioaren zerga ez igotzea, makina-erremintarentzako 50 milioiko diru sail bat sortzea, Bilbon Zorrotzako tren geltokia lurperatzea eta hezkuntza duala unibertsitatera eramatea. Jeltzaleek joan den ostiralean eman zuten horien berri. 85 zuzenketa partzial jarri zizkieten aurrekontuei, eta, Estebanen arabera, gutxi gorabehera horien «erdiak» onartu ditu gobernuak.

Aipatu zuen, gainera, lortutako akordioaren bidez inbertsioak egingo direla Forondako aireportuan, Jundizko plataforma logistikoan —Gasteiztik gertu—, tren geltokietan, eta itsasoko eolikoak hauspotuko dituztela. «Gure apustua beti izan da ekonomia suspertzea eta industria sustatzea».

Loiolako lurrei buruz nabarmendu zuen «ezinbestekoak» direla hiriaren garapen urbanistikorako, «non etxebizitza aukera hain urria eta garestia den». Defentsa Ministerioak udalari besterenduko dizkio lur horiek. Defentsa Ministerioko iturriak aipatuz Efe berri agentziak kaleratutako informazioaren arabera, armadaren presentzia «bermatuta» dago Donostian, eta hori ez da «negoziagarria».

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak joan den astean esan zuen EAJ bazkide «lehentasunezkoa eta estrategikoa» dela.

Aste honetan zuzenketa partzialak negoziatzen ari dira aurrekontuen batzordean, eta datorren astean dira horiek eztabaidatzekoak eta bozkatzekoak, Espainiako Kongresuan. EH Bilduk koalizioaren militanteen esku utzi du azken erabakia, baina mahai politikoa horiek babestearen alde agertu zen herenegun, eta hori eskatu die oinarriei. Zer egin bihar bozkatuko dute militanteek, ezohiko batzar batean.

ERC ere, alde

ERC Esquerra Republicanak ere aurrekontuak babestuko ditu, alderdiaren Kongresuko bozeramaile Gabriel Rufianek atzo jakinarazi zuenez. Nahiz eta gehiengo sinplea nahikoa izango den, orain arteko babesak kontuan hartuta,aurrekontuak gehiengo osoarekin ateratzeko moduan da gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.