Black Lives Matter, Tunisian ere bai

George Floyden hilketaren harira sorturiko manifestazioek oihartzuna izan dute nazioartean ere. Afrika iparraldean, Tunisia izan da aitzindaria; han, arrazakeria lotuta dago mendeetako esklabotzak utzitako lorratz sakonarekin.

Tunis erdigunean BLM mugimenduari elkartasuna adierazteko egindako elkarretaratzea, iragan ekainean. M. MESSARA / EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
George Floyden hilketari lotuta AEBetan lehertu ziren protestek oihartzuna izan dute herrialdeko mugetatik kanpo ere, batez ere beltzek bazterketa agerikoagoa jasaten duten herrialde eta eskualdeetan: besteak beste, mundu arabiarrean. Beste alor batzuetan bezala, Tunisiak aitzindari rola hartu du eskualdeanUdaberri Arabiarrek nolabaiteko arrakasta izan zuten herrialdea demokratizatzeko garaian. Hala ere, hutsune hori amaitzetik urrun dago oraindik.

Ekainaren hasieran, ehunka lagun bildu ziren Tunis erdigunean, Black Lives Matter (BLM) mugimenduari elkartasuna adierazteko eta herrialdeko komunitate beltzaren aurkako tratu txarrak eta abusuak salatzeko. Mundu arabiarrean egin zen BLMren aldeko manifestazio bakarra izan zen. Antolatzaile nagusia Mnemty erakundea izan zen (nire ametsa, Tunisiako dialektoan).

Erakundea 2011n sortu zen, arrazakeriaren aurka egiteko, eta lan asko egin du geroztik. AEBetatik zetozen albisteek tokiko ekintzaileak bultzatu zituzten, Inesek azaldu duenez. Tunisiako BLM atari digitalaren sortzailea da Ines. «Sortu genuen ohartu ginelako mundu osoak nahikoa da esan zuela. Gure helburua da informazioa partekatzea eta gizartea kontzientziatzea».

Rania Belhadjek salatu duenez, «Tunisiar beltzok bigarren mailako herritarrak gara oraindik gure herrialdean. Kalean arrazakeria jasaten dugu, irain moduan. Gune publikoetan baztertu egiten gaituzte, eta, gainera, instituzioek entzungor egiten diote gure nortasunari. Eta emakumeentzat, egoera beti da okerragoa». Mnemty erakundeko ekintzailea da duela hainbat urtetik. «Ohikoa da gutaz ari direnean wasif deitzea, garai batean esklaboei deitzeko erabiltzen zuten izenez. Arraza desberdinetako bikoteak tabua dira. Behin beltza ez zen lagun bat izan nuen, eta haren familiak mehatxu larriak egin zizkidan harremana utz nezan», azaldu du atsekabetuta.

Hala ere, mendebaldeko herrialdeekin alderatzen badugu, arrazakeria modu desberdinean agertu da Tunisian, eta mundu arabiarrean orokorrean, batez ere nekazaritza inguruetan. Hemen, arrazakeria lotuta dago mendeetako esklabotzak utzitako lorratz sakonarekin. Marta Scaglionik azaldu duenez, «Tradizioz, bazterketa ez zegoen lotuta azalaren kolorearekin, esklabo leinu batekoa izatearekin baizik. Gaur egun, oraindik estigma bat da. Baina azala iluna bazenuen eta abizen arabiarra, ez zenuen arazorik». Tunisiako arrazakeriari buruzko liburu bat argitaratu berri du Italiako ikerlariak. Magrebeko herrialdeak 1846an debekatu zuen esklabotza; mundu arabiar eta islamiarreko lehen herrialdea izan zen hori egiten, eta aurrea hartu zien Europako zenbait herrialderi ere.

Huda Mzioudet kazetariak adierazi duenez, «Jendeak maiz zoriontzen nau Tunisiako dialektoa ondo hitz egiten dudalako, edo galdetzen didate zer herrialdetatik natorren. Tunisiar beltzak bertakoak izango ez bagina bezala. Oso gogorra da psikologikoki, batez ere nerabea zarenean». Ekintzaileen arabera, herritarren %10 eta %15 artean dira gutxiengo horretakoak, eta gehienak hegoaldean bizi dira. Hala ere, ez da inoiz egin azterketa ofizialik.

«Azken hamarkadetan, fenotipiko motako arrazakeria berri bat agertu da, Mendebaldekoaren gisakoa, batez ere hiri handietan, eta indartu egin da milaka ikasle frantses eta Saharaz hegoaldeko migratzaileak iritsi ahala», gehitu du Scaglionik.

ALDAko kideak, Tunisian bizi den Saharaz hegoaldeko komunitatea biltzen duen erakundea, euren larruan bizi ahal izan dute gizartearen zati baten arbuioa, tunisiar beltzekikoa baino sakonagoa. Blamassi Toure ALDAko presidenteak adierazi duenez, «Oso ohikoa da taberna batzuetan sartzen ez uztea, edo Poliziak jazartzea. Hala dira arrazoirik gabeko erasoak ere. Horregatik, Saharaz hegoaldeko gazte asko beldur dira, eta taldeka irteten dira kalera».

Kontakizun ofiziala

Kontakizun ofizialak ukatu egiten du herrialdean arrazakeria dagoenik, baina kolpe handia jaso zuen 2016an, Kongoko hiru herritar hiriaren erdian ageriko arrazoirik gabe labankatu zituztenean. Urtebete geroago, Parlamentuak arrazan oinarritutako bazterkeriaren aurkako lehen legea onartu zuen, mundu arabiarrean lehen aldiz. Mnemtyren aspaldiko aldarrikapen bat.

Legediaren arabera, irainak eta mespretxuzko adierazpenak hilabete eta urtebete arteko kartzelarekin zigortuko dira. «Legea garaipen bat da, baina gutxi erabiltzen dute. Herritarrak hezi behar dira euren eskubideen inguruan; baita instituzioak ere, batez ere Polizia», ohartarazi du Belhadjek.

Hala ere, mundu arabiarreko gainontzeko ekintzaileek inbidia apur batekin begiratzen diote Tunisiari, eta antzeko lege bat eskatzen dute. «2014ko Egiptoko Konstituzioak arrazan oinarritutako edozein bazterketa debekatzen badu ere, Zigor Kodeak ez ditu krimenak zehazten eta ez ta zigorrik jartzen ere», azaldu du Nour Khalilek, migratzaile eta iheslarien eskubideetan espezializatutako aholkulari egiptoarrak.

Khalilek salatu du horiek sistematikoki jasaten dituztela jarrera arrazistak; haietako batzuk oso biolentoak direla, eta zauri larriekin amaitzen direla. «Nire lanean, ez dut inoiz aurkitu arrazakeria jasan ez duen iheslari edo migratzaile afrikarrik, gutxienez hitzezko arrazakeriarik jasan ez duenik... Haurrak dira ahulenak, eta egunero jasan behar dute kalean».

Herrialde arabiar gehienetan jasan behar duten askatasun ezaren aurrean, AEBetan BLM mugimendua lehertu izanak ez ditu protestak eragin, baina gutxienez arrazakeriari buruzko eztabaida piztu du sare sozialetan. Gaiak ikusgarritasun nabaria lortu du pertsona ezagun beltz batzuei esker: bestea beste, Abeer Sinder modeloa eta Mohamed Ramadan aktore egiptoarra.

Sare sozialetan jasotako arrazakeriaren biktimen testigantzak oso antzekoak dira eskualdearen mutur batetik bestera, eta zenbaitek erantzun gogorrak eragin dituzte, gorrotozko dozenaka mezurekin. Mundu arabiarrean ereluzea izango da berdintasunerako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.