Iñaki Etxeleku.
Departamenduetako bozak. Euskal Herriko erronkak. ANALISIA

Erreforma berriaren itzala

2015eko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ez da sendi halako gar handirik departamenduko boz hauekin. Eskumenak argiki zein izanen dituen jakin gabe hautatuko dira erakunde horretarako kargudunak. Kanpainak aski hitsa ematen du, eta neke da batzuen eta besteen eleetarik egiazko ikuspegi baten hautematea.

Gizarte saila du eskumenik lodiena, eta ez da aski erratea inportantea dela adinetako jendeen laguntzea eta gazteak enpleguaren bidean jartzea. Gehiago dena, lurralde erreformak hatsarrean kasik desagerrarazi behar zituen departamenduak oraino osagarri onean jalgitzen badira ere legebiltzarreko lehenbiziko irakurketatik, gobernuaren erranetarik izertzen da maila horren kentzeko asmoa. Eskualdeak indarturik aterako dira, izanen dute pisu norabideen finkatzean, eta gainera ez da argi azkartuz joan behar omen duten herri elkargoak nola antolatuko dituzten.

Parekotasunak eta kantonamenduen berriz marrazteak buru berri zenbait ekarri ditu hautagaitzetan; bizkitartean, aspaldian karguan direnak lotzen dira berenari. Egituraren betekizunen lausotasunarekin zer heinetaraino hazten du honek sentitzen den tirria eskasa bozentzat. Bozkatzera joan beharra oihukatzen dute anitzek, heldu den abstentzio hein handia hautemanik. Eta badaiteke bai, igandean, xuhurtuko dela oraino gehixeago bozkatzaile kopurua.

EH Baiko abertzaleek nahi izan dute kantonamendu guzietan aurkeztu. Aitzineko bozetan aldarrikatu estrategiari jarraikiz, hautagaitza «irekiak» dituzte, hots, Sortu, Abertzaleen Batasuna eta Eusko Alkartasunaren inguru hurbilekoak ez diren hautagaiak aurkeztuz, alderdikoen saihetsean. Hirugarren indartzat dauka bere burua, eta «epaile» gisa eragina izan dezakeela dio abertzale ezkertiartzat agertzen den koalizioak.

Eta delako beste eztabaida hura, herri elkargo bakarrarena, zertan da? Ez da departamendu kontseiluari zuzenki lotua bistan dena, nahiz eta... Jean Jacques Lasserrek errana du Paueko lehendakaritza eskuratu nahi duela. Departamendu zalea dela erakutsi du lurralde erreformaren eztabaidan. Hautetsien Kontseiluko lehendakari gisa gaia kudeatu behar izan badu ere, ez da biziki bero sendi Bidaxunekoa herri elkargo bakarraren egiteko. Nafarroako parlamentuko buruzagitza eramaten badu, nola jokatuko da? Lehen, euskal departamenduaren sortzearen kontra zen, eta orain departamenduko presidentetzatik nola ikusiko du Ipar Euskal Herri guzia bilduko lukeen herri elkargo gotorra, jakinez Hautetsien Kontseiluko kargu nagusia utziko lukeela.

Gehiago dena, Colette Capdeviellek bere baitarik egin jokoaz aparte —Lasserreren kontra eta hautetsien artean nahasmendu zerbait piztea lortu du—, Lasserre eta Espagnac senatariak eta Allaux diputatua, sinbolikoki bada ere, ez dira entzun herri elkargo bakarraren asmoaz parlamentuan. Arte horretan, bilkurak bidean dira herri elkargoetako buruekin. Ados jarriko dira elkargo bakarrarentzat ala erdibideko antolakuntza jalgiko da? Gehiengoa edozein izanik ere Pauen, zer ondorio izanen du eztabaidan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.