Hala Bediko kazetaria, absolbituta

Ertzaintzak 600 euroko isuna jarri zion, 'mozal legea' baliatuta. Epaileak dio ez dela frogatu kazetariak ertzainen aurka egin nahi izan zuela

Sainz de Buruaga, apirilaren hasieran, epaiketan sartu aurretik. J. FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Mikel Saenz de Buruaga kazetariak ez du ordaindu beharko Ertzaintzak ezarritako 602 euroko isuna. Hala erabaki du Cristina Ruiz Oteiza epaileak. Haren iritziz, epaiketan ez da frogatu isunak zigortutako ekintzarik: hots, ez da egiaztatu Hala Bediko kazetariak polizien agindu bat ez zuela bete nahi izan. «Zigortu nahi den arau-haustearen erruduntasun froga falta da», ondorioztatu du Ruiz Oteiza epaileak. Beraz, absolbitu egin du Saenz de Buruaga, eta Eusko Jaurlaritza zigortu du auzibideak eragindako kostuak ordaintzera. Epaia behin betikoa da, eta ezin zaio helegiterik jarri.

2017ko maiatzean jazotako gertakariengatik jarri zion isuna Ertzaintzak Saenz de Buruagari, mozal legea baliatuta. Kazetaria Hala Bedirako ari zen lanean, Gasteizko Errekaleor auzoko argindarra moztu zuten eguneko operazioaren berri ematen. Hainbat hilabete geroago, Ertzaintzak isuna bidali zion, ertzainen aginduen aurka polizia hesia apurtzeagatik. Hala Bedik erantzun zuen ez zuela isuna ordainduko, eta, areago, «amaierara arte» heltzeko asmoa agertu zuen. Hedabidearen esanetan, izan ere, Segurtasun Sailak jarritako salaketa argudio «faltsuetan» oinarrituta zegoen.

Hala Bediko iturriek behin-behinean ontzat jo dute epaia. Gogorarazi dute bete egin dutela hasieratik agindutakoa, «amaieraraino» heltzea. Ebazpena aurrekari gisa ulertu du irrati libreak, eta Saenz de Buruagak berak auzi saioaren harira egindako adierazpenak ekarri ditu gogora; mozal legea salatu zuen, arau horrekin pertsona oro delakoan errudun, «kontrakoa egiaztatzen duen arte».

Ez zuen «doloz» jokatuz

Ertzaintzaren salaketaren arabera, kazetaria poliziei oldartu zitzaien, eta hesia apurtu zuen. Epaileak ez du ezbaian jarri kazetariak hesia apurtu zuenik, baina gaineratu du ez zuela horretarako borondaterik, ez zuela «doloz» jokatu. «Kazetariak arau-haustea aurreikus zezakeen, baina ezin izan zuen saihestu; besteekin mugitu zen, jendetzaren mugimendua gelditu ezinik». Are gehiago, epaileak zehaztu du ertzainak Saenz de Buruaga identifikatu zuela kazetariak gerora harengana jo zuelako, «hesitutako eremu barruan zegoen telefonoa eskatzeko».

Gogoan izatekoa da kazetariakegindako salaketa: ertzain batek telefonoa lurrera bota ziola, gertakariak grabatzen ari zela. Salaketa EAEko Arartekora eraman zuen, eta hedabideen aurrean ere egin zuen. Ezin izan zuen auzibiderik abiarazi, ez zelako polizia identifikatzeko modurik egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.