Lula: «Maitasuna gorrotoari gailendu zaio»

Luiz Inacio da Silva 'Lula' Brasilgo presidente izendatu dute. «Desberdinkeria mota guztien aurka» borrokatzeko konpromisoa hartu du. Bolsonaro ez da izan ekitaldian

Luiz Inacio da Silva Lula eta Janja da Silva, haren emaztea, herenegun, Brasilian. SEBASTIAO MOREIRA / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidentea da berriro. Herenegun Brasilian egindako ekitaldi jendetsuan izendatu zuten estatuburu 77 urteko politikari ezkertiarra. 2003tik 2011ra presidente izandakoa atzo itzuli zen Planalto jauregira —presidentearen egoitzara—, urriaren 30ean Brasilgo hauteskundeak irabazi ondoren. Botoen %50,9 eskuratu zituen bigarren itzulian, eta ia bi punturen aldea atera zion Jair Bolsonaro aurreko presidente eta eskuin muturreko hautagaiari (%49,1). Bolsonarok ez zuen parte hartu herenegungo ekitaldian, AEB Ameriketako Estatu Batuetara joana zelako. Lularen gobernuko 37 ministroek atzo egin zuten karguen zina, eta orduan hasi zuen bidea gobernu ezkertiarrak, Bolsonaro ultraeskuindarraren lau urteko agintaldiaren ostean. «Maitasuna gorrotoari gailendu zaio. Gora Brasil!», esan zien herenegun presidente berriak Brasiliako kaleetan zeuden milaka jarraitzaileri. «Desberdinkeria mota guztien aurka» borrokatzeko konpromisoa hartu zuen, baita trantsizio ekologikoa abiatzekoa ere.

Lulak Bolsonaroren aroa kritikatu zuen herenegungo mintzaldian. «Suntsiketa nazionalaren gobernua» izan zen eskuin muturrekoarena, Lularen arabera. Haren gobernuaren leloa, ordea, Batasuna eta berreraikuntza izango da. «Guk defendatu dugun askatasuna aske bizitzeko askatasuna da, adierazpen librea tartean. Haiek defendatzen duten askatasuna ahulenen gainean ezartzeko askatasuna da. Basakeria da hori», adierazi zuen Lulak.

Normalean, aurreko presidenteak ematen dio buruzagi berriari presidentearen xingola, baina Bolsonarok AEBetara joatea erabaki zuen, ekitaldian ez egoteko. Ostiralean jarraitzaileei mintzatu zitzaien, eta gobernu berriari kontra egiteko eskatu, nahiz eta ez zuen eman bere asmoen berri. Gainera, Bolsonaroren ehunka jarraitzaile armadaren egoitza nagusiaren aurrean kanpatuta egon ziren, eta, herenegun arte, behin-behineko presidentea izandakoak militarrak mobilizatu zitzala eskatzen ari ziren, «hauteskunde iruzurraren» kontra. Ez dute onartzen Lulak urriaren 30eko bozetan izan zuen garaipena. Dena den, ez zen ezustekorik izan.

Lulak adierazi zuen «izandako hondamendiaren gainean berriz altxatuko» duela herrialdea. Haren arabera, Bolsonaroren aginteak ingurumena suntsitu du, baliabideak xahutu, eta ekonomia nahastu: «Herrialdearen baliabideak arpilatu dituzte». Hori ikusirik, «desberdinkeria mota guztien aurka» borrokatzeko konpromisoa hartu zuen. Zerrendatu egin zituen: «Errentarena, generoarena, arrazarena, lan merkatuarena, ordezkaritza politikoarena, osasunarena eta hezkuntzarena».

Gogora ekarri zuen aldaketa agindu zuela duela hogei urte, lehen aldiz presidente izendatu zutenean. Orain osatuko duen gobernuaren helburua brasildar guztiei egunero hiru otordu ziurtatzea da, gaineratu zuenez.

Amazonia soiltzeko prozesua erabat geldituko duela ere agindu zuen hitzaldian. «Inork ez dauka Brasilek adina baldintza ingurumen potentzia bihurtzeko: trantsizio ekologikoa hasiko dugu, eta energiarena. Gure helburua da berotegi gasik ez aireratzea, eta Amazoniaren soiltzea erabat gelditzea. Zuhaitz bat bera ere moztu gabe biziko gara».

Lehen dekretuak

Presidente karguaren zina egin ostean, hamahiru dekretu sinatu zituen Lulak, Bolsonarok hartutako zenbait neurri bertan behera uzteko lehen pauso moduan. Besteak beste, Amazonia funtsa martxan jarri zuen berriro, 2019tik geldirik baitzegoen Bolsonaroren aginduz. Alemaniak eta Norvegiak dohaintzan emandako 600 milioi dolar —560 milioi euro inguru— ditu funtsak, eta Amazonia babesteko helburua du. Bolsonarok bere agintaldiaren amaieran indarrean sartu zuen dekretu bat ere bertan behera utzi du Lulak. Dekretu horrekin, Amazoniako oihanean eta herri indigenen eremuetan baliabide mineralak ustiatzeko lizentziak luzatu zituen ultraeskuindarrak; Lulak, baina, eten egin du neurria.

Lula presidente izan zen 2003tik 2011ra. Eskuina, epaileen bidez, presidenteari jazarri zitzaion, eta, horren ondorioz, bostehun egun baino gehiago pasatu zituen kartzelan, azkenean baztertutako ustelkeria salaketak zirela medio. Orain, presidente izango da berriro, gutxienez beste lau urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.