martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Alemania eta tankeen marra gorria

2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alemaniak ez dio neurria hartzen Errusiak Ukraina inbaditu zuenean sortutako gerrari. Gerra hotsak hasi zirenean, inbasioa hastear zela alegia, 5.000 kasko bidali zizkion Alemaniak Ukrainari, eta barregarri geratu zen. Handik aste batzuetara, milaka manta bidali zizkion gerran zauritutako soldaduak babesteko; ukrainarren haserrea areagotu zuen hala. «Ez bidali hildakoak estaltzeko mantak, bidali defenditzeko armak», esan zien sututa ospitale bateko mediku batek alemaniarrei. Mundu osoan erridikulua egiten ari zirela ohartuta, ukrainarrei misilak eta bestelako arma astunak bidaltzen hasi ziren alemaniarrak handik gutxira.

Asteak daramatza Ukrainako presidente Volodomir Zelenskik tankeak eskatzen Alemaniari, AEBei, Frantziari... Baina ez dizkiote bidaltzen. Zelenskiren eskaerarekin bat egin dute Baltikoko estatu sobietar ohiek: Lituania, Estonia eta Letonia. Errusiaren aurrean oso ahulak direla jakinda, interes berezia daukate Errusiak gerra galdu eta aldi luze baterako lasaitu dadin.

Gerra guztietan bezala, diplomaziako urpekariak ariko dira mezuak batera eta bestera igortzen; eta Mosku eta Berlinen arteko ezkutuko mezu trukaketa horretan, seguru Moskuk marra gorri bat baino gehiago jarri diola Berlini. Tankeena izan liteke marra gorrietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.