Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Antidoto feminista

2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun

Zer egin dezake emakume batek? Zer ez? Nora joan daiteke? Nora ez? Izu sexualak horretara daramatza emakumeak, eta, uda honetako lehorteari sentsazionalismoa erantsita, ziztaden gertaerak kontatzeko erak izu hori areagotu besterik ez du egin. Beldurgarria da beldurra nola sartu duten emakumeen azalean, mezu hauen bidez: emakumeek ez dutela zereginik; kalera ateratzea arriskutsua denez hobe dutela etxean geratzea; hori egin ezean ondorioak jasan beharko dituztela. «Zalantzaz ereindako ikara» bezalako tituluek eta haiek mamitzen dituzten edukiek pozoitzen dute gertatzen ari dena. Emakumeen sinesgarritasuna ziztaden eragin ustez zalantzazkoetan galtzen da. Gizonei buruz, berriz, ezer gutxi aipatzen dute: izendatzen ez diren mamuak dira.

Atzean dagoena, ordea, gizarte matxistaren beste indar erakustaldi bat da, espazio publikotik zokoratzeko intentzio bat, gizarteak babesten duen botere posizionamendu antolatu bat. Nerea Barjolari BERRIAk atzo egindako elkarrizketen gisakoak dira hedabideen bidez zabaltzen den pozoiaren antidotorik onena: mugimendu feminista baita, hark dioen bezala, izena jartzen diona gertatzen denari, indarkeria ulertzen laguntzen duten kontzeptuak ematen dituena, autodefentsa bultzatzen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.