jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Mezu arriskutsuak

2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Bi mende baino gehiago daramatza berdintasuna aldarrikatzen Frantziako Errepublikak. Bete berri da Bastillaren hartzearen 230. urteurrena, eta Errepublikaren leloak bere historiarekin dituen kontraesanak berriro geratu dira agerian odola emateko irizpideak aldatzear dauden honetan; bereizketa onartezina egiten baitu legeak gizon homosexualen eta gainerakoen artean. Askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna leloa duen herrialdeak debekatu egiten die homosexualei besteen pare odola ematea. Ez askatasun, ez berdintasun, ezta anaitasunerako aukerarik ere.

Sexu bidez transmititzen diren gaitzen eroale direlakoan, baldintza estuak jartzen dizkie Frantziak homosexualei. 2016ra arte ezin zuten odolik eman, eta, gaur egun, penitentzia kutsua duen urtebeteko abstinentzia batera behartzen ditu. Osasun Ministerioa orain da hori aldatzekoa, eta, 2022rako, besteen pare eman ahal izango dute odola. Bi urte eta erdi falta dira, beraz, Ipar Euskal Herrian odola behar duten gaixoek zentzurik ez duen muga bat desagertzen ikus dezaten.

Sexu bidez kutsatzen diren gaitzetan homosexualak susmagarritzat jotzea bidegabekeria galanta eta hanka sartze larria da. Arriskutsuak ez baitira pertsonak, prebentziorik gabeko sexu harremanak baizik. Berdin du heterosexualak edo homosexualak izan. Fokua prebentzio neurriak ez diren beste nonbait jartzea mezu arriskutsuak zabaltzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.