jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Kopa, ispilu

2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Realeko jokalariek, kopa altxatu dutenean, ispiluaren aurrean jarrarazi dituzte. Ispiluaren aurrean, kopa irabazi berritan jokalariak besarkatu baina profesional egiten ez dituen presidentea. Ispiluaren aurrean Realeko kirolari emakumezkoen lorpenak txalotu baina, aldi berean, alardean berdintasunean desfila daitezen emakumeei babesik ematen ez dien diputatu nagusia. Ispiluaren aurrean atzo, gizonezkoen taldeak irabazi izan balu egingo luketen bezala, euren haurrak txuri-urdin jantzi ez zituzten gurasoak.

Emakumeak ez dira atzo hasi futbolean jokatzen. Haurrei jolastea gustatzen zaie, eta, mutil batzuei bezala, aspalditik gustatu zaie futbolean jokatzea neska batzuei ere. Jokatzeari uztea beste aukerarik ez zuten izan batzuek, taldekide edo babes faltagatik. Beste batzuek aurrera jarraitu ahal izan zuten. Baina ez erakundeen eta gizartearen babesa izan zutelako, babesa izan ez arren baizik.

Emakume futbolariek ez badute izan oraingo aitortzarik ez da izan lorpenik egon ez delako. Futbolean aritzen zirenen oihartzunik izan ez bada, emakumeei futbola ukatu egin zaielako izan da, irainka eta zeharka. Eta futbolak ukatu egin dituelako. Bizkarra ematea, gutxiestea, barre egitea... futbola emakumeen kontrako jazarpenaren beste mekanismoetako bat izan da. Eta da. Realaren kopak hori guztia islatzen du.

Eta hori aldatzen ari bada, meritua ez da futbolarena, futbolean jokatu duten emakume guztiena baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.