Isiltasuna hausteko urratsa egin du Hondarribiko alardeko gazte talde batek, emakumeak soldadu gisara hartzen ez dituzten konpainietako gazte talde batek: aldaketa eskatu dute, eta emakumeek ere izan dezatela aukera Hondarribiko jai nagusian parte hartzeko, gizonek ere badaukaten bezala. Mugarria da, mugarri handia. Batetik, urteetan gotortutako gatazka bideratzeko pausoa delako, alarde baztertzailearen esparrutik etorri dena. Bestetik, gazteek egin dutelako urratsa, modu kolektiboan, eta hausnarketa sakona egin ostean.
Joan den urrian, alardea egin eta hilabetera, manifestu bat aurkeztu zuten, eta talde gisa lehen agerraldia egin dute orain. Guztion alardea leloa hartu dute.
Kontuan izatekoa da testuingurua. Ia mende laurden da gatazka bizi-bizi dagoela Hondarribian; belaunaldi berriek istilu giroan ezagutu dute alardea, eta, jakina, berdintasunik gabe. Erraietaraino sartutako gatazkak beldurra dakar. Eta beldurrak, isiltasuna. Eta isiltasunak, gatazka bideratzeko urratsik eza. Horregatik da oso kontuan hartzekoa gazteen jokabidea: gatazkan ezagutu eta bizi izan dute alardea, eta hortik atera nahi dute, herritar guztiek, gizon zein emakume, aukera berbera eduki dezaten alardean elkarrekin parte hartzeko.
Herrian badatoz urratsak, eta abagune egokia da erakundeek bultzada sendoa eman diezaioten, behingoz herritar guztien eskubideak berma ditzaten.

HIZPIDEAK
Mugarria Hondarribian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu