Abortatzera joan, eta sartu aurretik bizitzari buruzko lezio koertzitiboak; kontsultara sartu, eta egitasmoa zein den okerra ohartaraziko duen taupada; kulpa sorrarazteko, fetuaren forma lau dimentsiotan. Finean, behar bezala erabakitzeko gai ez denari derrigor eman beharko litzaiokeen aholku sorta zentzuduna.
Prozedura horren atzean dagoen ideologia txertatzeko, mundu osoan saretu dira ultraeskuindarrak eta ultrakatolikoak, eta boteretu dira, ahal izan duten herrialdeetan, instituzioetan eta auzitegietan lekua hartu ahala. Findu dituzte estrategiak, ikasi dute gaizki egindakoetatik, eta horrenbeste urteetan borrokan aritu ondotik lortutako eskubideen zanpatzaile funtzionalak bilakatu dira.
AEBetatik iritsi zen ezinezkoa zirudiena, joan den udan, 2011tik abiatu zituzten erasoen gailurra. Hungariako Viktor Orbanek ezarri zuen ozenen Europarako taupaden doktrina, eta hari segika abiatu dute kanpaina Espainian Alfonso Fernandez Mañuecoren (PP) eta Juan Garcia Gallardoren (Vox) gobernuak, Ruiz Gallardonen oinordekoek, Maria San Gildarrek eta Jaime Mayor Orejatarrek hauspoturik, abortuaren kontra jo eta su ari diren hainbat taldetako buruek. Gaztela eta Leonek jarri du harria, datorren legealdian Espainiako Gobernua izan daitekeenaren laborategiak.

HIZPIDEAK
Taupada orkestratuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu