Greba batzuk beste batzuk baino errazago ulertzen eta konpartitzen ditu gizarteak. Osasun eta zaintza arloan azken urteetan eginikoak, adibidez. Osasun langileen lan zama, artaren kalitateari eusteko ezintasuna, hainbat zerbitzutan eginiko murrizketak... Makina bat arrazoidaude grebarako; eta agerikoa da, gainera, baldintza horiek hobetzea gizarte osoaren mesedetan dela. Norabide horretan doa Nafarroako Osasunbideko sindikatu gehienek —LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOO— otsailaren 15erako deituriko greba. Kezkatuta daude Nafarroako Gobernuaren eta Sindikatu Medikoaren arteko negoziazioekin, eta aldarrikatu dute «helburua izan behar dela Nafarroako osasun sistema publikoa eta langile guztien eskubideak defendatzea». Atzo greba egin zuen sindikatu ultrakontserbadoreak orain arte eginiko eskaeretan, ordea, ia ez da agertu osasun sistemaren kalitateari buruzko kezkarik. Horrek ezberdintzen ditu bi deialdiak.
Bi urtean soldata mila euro igotzeko eskaerak arreta ematen du; baita esklusibotasuna kentzeko eskatu arren esklusibotasun saria kobratzen segitu nahi izateak ere. Beste erkidego batzuetan —tartean, EAE— medikuek pribatuan zein publikoan aritzeko aukera dutela, hori da argudio nagusietako bat. Agian, Nafarroan aukera hori zabaldu ordez, mahai gainean jarri beharko litzatekeena kontrakoa da: alegia, ea beste tokietan aukera hori izatea onuragarria edo kaltegarria den osasun sistemarako.

HIZPIDEAK
Grebak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu