Ezustekorik ezean, Recep Tayyip Erdoganen eskutik iritsiko da Turkia 2023an errepublika modernoaren mendeurrenera. Paradoxikoki, Mustafa Kemal Ataturk-ek estatu modernoari eman zizkion ezaugarriak desagerraraziz eramango du estatua urteurren horretara: botere banaketa, laikotasuna... 2003an, lehen ministro kargua hartu zuenean, Erdoganek «Turkia berri bat» iragarri zuen, eta, igandeko bozen ondoren, dagoeneko esan daiteke estatu berri hori errealagoa dela, hurbilago dagoela baino gehiago.
Agintaldi hau amaitzen badu, gutxienez hogei urtez egongo da boterean Erdogan. Lehen ministro gisa, lehenik, eta presidentetzan, ondoren. 1998an poema bat irakurtzeagatik kartzelan egotetik, Ataturki itzala egin diezaiokeen pertsonaia historiko bakarra izatera hel daiteke bide horretan. Hark duela ia ehun urte egin zuen bezala, zentzu berri bat ematen ari zaio Turkiako Estatuari, turkiarren eta nazioartearen onespenarekin sistema presidentzialista bat ezarriz. Bidean geratuko dira hasierako moderazioa, EBn sartzeko borondatea, oposizioa, giza eskubideak, PKKrekiko bake prozesua, militarren boterea, estatu kolpeak...
Bost urte barru ikusiko da nora eraman duen Erdoganek Turkia, baina komeni da ez ahaztea noren eskutik heldu den dagoen tokira 2018an: lehen, AEBen aliatu politikoa izan zen Ekialde Hurbilean; orain, EBrenaliatu estrategikoa izaten jarraitzen du Europaren mugan.

HIZPIDEAK
Turkia, 2023
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu