jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Gaixo gaixoak

2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Medikuen greba bat, pazienteen aurka. SMN Nafarroako Medikuen Sindikatuak grebara deitu ditu gaur sendagileak. Gobernuari egin dizkion eskaeren artean, 2.1 puntuan euskararen betekizuna lan deialdietatik ezabatzeko eskatu dio. Ez da, beraz, puntu jakin horretan medikuen lan baldintzak hobetzeko greba bat; ez da gaixoen hobe beharrez egiten. Medikuak dira, herritarren osasuna zaintzeko ardura dutenak, baina ez dute nahi euskaraz hitz egitea eskatzerik euskara ere ofiziala den lurralde batean.

Medikuen eta gaixoen arteko harremana hobetzea du helburu grebak. Hori diote. Baina zer gertatuko da euskararen betekizuna kenduta mediku erdaldunak eremu euskaldunera iristen direnean? Jakina da, hori izan delako eta delako errealitatea leku askotan: haurrek eta adinduek zailtasunak dituzte medikuarekin, zer gertatzen zaien azaltzeko eta zer esaten dien ulertzeko. Urruntasuna dakar, alegia, medikuak euskaraz ez jakiteak. Euskararen betekizuna beharrezkoa da harremana hobetzeko.

Tuterako Udalak ez zuen euskara aintzat hartu nahi udaltzain izateko. SMN sindikatuak, berriz, ez du euskararen betekizunik nahi lan deialdietan. Administrazioaren hurbileneko mailak izan beharko luketenak, alboan baino gehiago, herritarren gainetik jarrita ageri dira. Lehen bezala. Orain bezala. Beste behin.

Zer nahi duzu, gaixoarekiko harremana zaintzen duen sindikatu bat ala harremana zaindu nahi duela dioen bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.