mikel p ansa
HIZPIDEAK

Opakua

2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zergatik ari da garestitzen hainbeste argindarra? Esaten da gas naturala eta CO2 isuriengatik ordaindu beharrekoak garestitu direla, eta kito, uzten da gaia, konponezina balitz bezala: zerutik eroritako meteorito bat. Zer egingo zaio, horrela da. Sistemak arazo handi bat du, ordea, sektore elektrikoko enpresa handiei botere osoa ematen diena, eta erabiltzaile xumeak haien mende uzten dituena. Horrela funtzionatzen du: estatuak egiten du bihar kontsumituko den energiaren aurreikuspen bat, eta enkanteak egiten ditu, bihar ordu bakoitzean beharko den energia erosteko: 24 enkante. Enpresek eskaintzak egiten dituzte. Hasieran, estatuak energia merkeenak erosten ditu: hidroelektrikoa, nuklearra, berriztagarriak... Baina une batean, ordu bakoitzerako beharko den argindar guztia osatu ahal izateko, energia garestiagoak erosi behar ditu. Tartean, gas naturaletik sortua; garestiena. Eta, azkenean, ordu bakoitzerako erositako energia garestienaren arabera pagatzen ditu ordu horretako energia guztiak. Zein da arazoa? Enpresa berek dituztela berriztagarriak eta zentral termikoak, eta nahieran eskaintzen dituztela. Are gehiago, energia merkeak ere garesti proposatzen dituzte zenbaitetan. Gas naturalaren aitzakiak balio die beste energien errentagarritasuna izugarri puzteko, eta enpresek kontrolatzen dute dena: produkzioa eta prezioa. Eta, horren aurrean, argindarraren BEZa jaisteak ez du ondoriorik: guztientzako argindarra bermatu nahi bada, sistema elektriko osoa errotik aldatu beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.