Ukrainan «operazio militar berezia» iragarri eta zazpi hilabetera, beste koska bat estutu du Errusiak Ukrainako inbasioa. 300.000 militar ohi deituko ditu gerran aritzeko, Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo iragarri zuenez. Egun gutxian buka zitekeen operazio militar berezia nahi baino gehiago luzatzen ari da, eta begi bistan diren kalteak okertzeko arrisku bizian dira. Azken asteotan Kievek hasitako kontraerasoaren erantzun moduan ulertu dute aditu askok Moskuren mugimendua. Mendebaldekoek «ahulezia» zantzuak ikusi dizkiote Putini, baina kontraesana dirudi, zeren erabakiak gerra gogortu eta ondorioak larritu baino ez baitu egingo.
NATOren eta Mendebaldeko herrialdeen laguntza logistiko eta militarrari esker eusten ari zaio Ukraina Errusiari. Ondorioak, jakina, zenbatezinak dira: bai galera ekonomikoen aldetik, bai hildakoen eta zaurituen aldetik. Horregatik, unerik gogorrenetan bereziki, premiazkoa da irtenbide negoziatu baten aukera gogoratzea, nahiz eta mendebaldeko Europako gobernu gehienek, diskurtso hori bultzatu beharrean, nahiago duten Ukrainaren garaipenaren ametsa saldu. Putinen estrategia elikatu eta espiral militarra luzatu baino ez dute egingo irabazleen eta galtzaileen dialektika horrekin. Jadanik galtzaile asko izan dira Ukrainan, eta nekez irtengo da inor irabazle.

HIZPIDEAK
Beste koska bat gerran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu