mikel p ansa
HIZPIDEAK

165

2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Hotz amaigabe bat baino latzagoa izan da euskal presoak senideengandik urrundu dituen politika salbuespenezko hori.

Eta urteak egunak baino gehiago izan dira, urteak egun bilakatu balira bezala, edo egunak urte. 34, denak banaka kontatuz gero; 136 urtaro; 1.632 hilabete; 12.400 egun baino gehiago.

Ehun eta hirurogeita bost ohe huts geratzen dira oraindik. 564 ziren Hertzainak-eko Josu Zabalak kantua sortu zuenean. 309 duela bost urte. 165 dira orain, eta kartzelan hamabost urte baino gehiago daramate gehienek, 120 inguruk; 40 bat dira hamabost urte baino gutxiago preso daramatenak.

Samina zabaltzen. Hala jarraituko dute ohe huts zenbaitek.

Batzuen ustez, ordaintzen ari dira dagokien zigorra. Eta zigorrak osorik —eta zerbait gehiago— bete arte ez lukete kalerik zanpatu behar. Azpisistema juridiko oso batek jarraitzen du helburu horrekin lanean, eta salbuespenezko legeek ahalbidetzen dute beste preso gehienentzat normala dena euskal presoentzat normala izan ez dadin.

Maite dutenentzat, berriz, askatasun haizea, presoak etxeratzeko urrats bat besterik ez da izango sakabanaketaren bukaera.

Baina hori, batzuen eta besteen arteko sestra hori, nork ulertarazi etxean zain bakarrik denari? Senideak zanpatu ditu urruntze politikak, beste inor baino gehiago. Eta taupada batzuk behintzat lasaitu ditu urrats honek bihotz askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.