jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

'Urikalduak salbatu nayaz'

2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako kaian, plaka batek Jose Mari Zubia Zigaran Aita Mari gogoratzen du: Mari! Urikalduak salbatu nayaz, eman zenduben biziya... XIX. mendean Donostian patroi izan zen marinel zumaiarra du gogoan, eta hainbat arrantzale erreskatatzeko itsasoratuz egin zituen lanak aitortzen dizkio. Handik bost miliara, Aita Mari ontziak XXI. mendeko agintariak dakartza gogora, Pasaiako badian igeri dagoen plaka bat balitz bezala, Mediterraneoan itotzen ari direnak erreskatatu ez ditzaten egiten dituzten lanak aitortuz.

Espainiako Gobernuak kontrolatzen duen erakundeak, Itsas Kapitaintzak, itsasoratzeko baimena ukatu dio Aita Mari salbamendu ontziari. Ondorioz, itotzear edo itotzeko arriskuan Mediterraneoan noraezean dabiltzan pertsonak salbatzen aritu beharrean, Pasaiako badian dago. Itsasoan derrigorrezkoa da hondoratu edo hondoratzear denari laguntza ematea, baina Europako gobernuek aurkitu dute horri izkin egiteko modua: salbamendu ontziei itsasoratzea ukatuta, akabo betebeharra. Migratzaileak lehorreratzea arazo bat bada, ez ditzatela itsasotik atera ere egin. Kito.

Urtarrilaren 9an egin zioten omenaldia Aita Mariri. Egun horretan 1866an eraman zuen itsasoak, arrantzale gehiago salbatzen ari zela. Ez dago arrisku hori Aita Mari ontziarekin. «Itsasoan galdurikoak salbatu nahian. Hemen dago», esango du horri jarritako plakak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.