jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Fresnes

2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Fresnesko kartzelan ez dago euskal presorik joan den asteaz geroztik. Hamarkadetan espetxe horretan sartu ditu Frantziak epaiketa zain zeuden euskal presoak, baina orain inor ez dago egoera horretan. Horrek esan nahi du zerbait egungo egoeraz, batik bat Espainiak eta Frantziak ez diotelako uko egin beste garai bateko espetxe politika erabiltzeari. Baina espetxeak hustu ahala, ezinbestekoa da zer funtzio bete zuten hausnartzea ere. Eta Fresnestik pasatu direnek argi utzi dute hura ez dela kartzela huts bat. Betea da, jendez eta makurkeriaz betea.

Espetxe zigor batek bi osagai ditu: zigorra eta espetxea. Gauza bat baita zigor gisara pertsona baten askatasuna murriztea urte kopuru jakin batean, eta beste bat, gizatasunik gabeko baldintzetan betearaztea. Hor sartzen da presondegiaren faktorea, kokapenarenarekin batera. Hori da Fresnes. Han egon diren euskal presoak behin-behinean egon dira kartzelan, epaiketarik gabe kartzelaratuak, baina, epai bat ez izanagatik, espetxe sistemako alderik ilunena ezagutu dute. Ikuspegirik gabeko leihoak, arratoiak, diziplina eta espetxezain gazte eta doktrinatu berriak, ikasle onak direla erakutsi behar dutenak. Dena ondo pentsatua, ezer ere ez utzia.

Fresnes XIX. mendeko espetxe bat da, eta iaz 120 urte bete zituen. Ez da euskal presorik izango datorren urteurrenean, baina kontua da ez lukeela urteurren gehiagorik egon behar. Ez luke Fresnes bezalako kartzelarik egon behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.