mikel p ansa
HIZPIDEAK

Herri txiki baten poza

2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Xanpaina, pastelak, malkoak eta besarkadak». Horrela deskribatu zuen BERRIAko kazetariak momentua: Usansolo herri bilakatzeko eskariari baiezkoa eman berri zioten Bizkaiko Batzar Nagusiek, atzo goizean, eta Gernika-Lumoraino joandako usansoloarrak pozez zoratu ziren. Ez debalde, lau hamarkadako borroka baten azken portura ailegatuak ziren. Azkenean. Beste herri batzuek ezin izan dute. Itziarrek ezin izan du Debatik bereizi; Igeldon galdeketa egin zuten, baina herritarren eskari garbiari ateak itxi dizkiote agintariek; Ezkio eta Itsaso bereizi ziren duela bost urte, herritarrek hala eskatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren oniritziarekin, baina Espainiako Gobernuak debekatu egin zuen. Itsasoren kasuan, Espainiak oroitarazi zuen 5.000 herritar behar direla, gutxienez, herri bat sortzeko desanexio prozesua onartzeko. Usansolori 400 falta zaizkio 5.000ra heltzeko, baina herritarren eta instituzioen —behingoz bat egin dute udalak eta batzar nagusiek ere— borondateak lortu duena ez ahal dute Madrilgo legeek zapuztuko. Errespetatuko ahal dute, behingoagatik, herritarren gogoa. Poz hau legez kontrakoa bada ere, utziko ahal dituzte bakean. Ez ahal dio inork helegiterik jarriko erabakiari. Izan ere, ba al du herri txikiak debekatzen dituen lege horrek inolako zentzurik? Ez ote litzateke zentzuzkoagoa 5.000 biztanletik gorako herriak debekatzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.