jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

'Rambo'

2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak ez ditu BERRIAren galderak erantzun nahi izan Pausa atseden zentroko zaintzaileaz galdetuta. Haren ezizena hartu du aitzakia kazetariaren galderak saihesteko, eta kazeta honek bildutako salaketa larriak erantzunik gabe geratu dira. Nagusikeria, jazarpena, mehatxuak, diskriminazioa, beldurra... Lekukoen hitzetan, 30 urtez jendarme izan den horrek praktikan kontrol eremu bihurtu du atseden zentro behar duena. Baina haren ardura duen erakundearen buruarentzat, Etxegarairentzat, arazoaP. B.-ren ezizena da, Rambo, eta ez kolektibo zaurgarri batekiko hainbatek salatu duten jokabidea.

Bere hartan argigarria da Etxegarairen jokaera, han zerbait gertatzen dela adierazten baitu bere erreakzioak. Erakunde bateko buruak, haren ardurapean ari den norbaitengatik galdetu diotenean, erantzuten badu berak egin duena ez duela beste inork egin, agerikoa da badela normala ez den zerbait. Migratzaileek, langileek eta orain arte han lan egin duten elkarteek argi dute, eta jada zenbaitzuek erabaki dute ez direla prest han P. B.-rekin lanean jarraitzeko. Han gertatzen ari dena larria da, eta hori argitu nahi ez izatea ere bai. Ezizenarekin edo ezizenik gabe, salaketa hor baitago, eta salaketarekin, kezka. Horrelako susmo huts bat nahikoa da zentroaren ardura duenak iker dezan zer gertatzen den han. Hor dago aldea ardura izan eta arduradun izatearen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.