Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Alarmatik ardurara

2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bi argazki, muturreko jokabideen erakusle. Bat, orain hiru hilabete pasatxo: supermerkatu atarian, dozenaka herritar, harrapazka erosketak egitera joanak. Izua zen hura. Bestea, egunotan: taberna bueltan, kalean, dozenaka herritar, elkarren alboan, itxialdi osteko eguzkitan. Izu ostea.

Iritsi da normaltasun berria: bukatu da mugitzeko debekua, eta Euskal Herri osoan ibiltzeko aukera jarri dute, asteetan egon gabeko senideekin elkartzeko modua, aisiarako aukera handiagoa. Bukatu da alarma egoera. Baina arriskua, ez. Alde horretatik, kontuan hartzekoak dira Nafarroako datuak. Herrialdeko bi lekutan sumatu dute birusa hedatzen —Iruñerrian eta Donezteben—, eta, gobernuaren arabera, «harreman sozialekin eta familiakoekin» lotuta daude kasuak. Orain arteko joerarekin alderatuta, osasun zerbitzuek eraginkortasun handiagoa dute birusari aurre egiteko: kasuak garaiz atzematen dituzte, baita gaixoek sintomarik ez badute ere —Nafarroako kasu berrien erdietan baino gehiagotan, gaixoek ez zuten sintomarik—. Birusa atzematea giltzarri da.

Baina oinarrian ardura behar da: erakundeen ardura, osasun zerbitzuak egoki prestatuta edukitzeko eta informazioa garden emateko; eta herritarren ardura, lasaikeriara ez jotzeko, prebentzio neurriak betetzeko, eta sintomarik izanez gero abisu emateko. Alarma kentzea ez dadin ardura galtzea izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.