jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Esperpentoa

2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Parlamentuan PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak Maria Txibiteren inbestidura zazpi mahaitan negoziatzen duten bitartean, Enrique Maia Iruñeko alkateak ez du denborarik galdu: gaur duela bi aste izendatu zuten arren, ezohiko abiadurarekin ari da neurriak hartzen. Katalina Foixkoa etorbideari izena kendu eta berriro Espainiako armadari ematea, Gorputz eguneko prozesioko loreak udalari ordainaraztea, txupinazoan udaletxeko plazan banderak eta oihal handiak erakustea debekatzea, eta azkena, atzo, Herri Sanferminak Errekoleten plazatik kentzea.

Zalantzarik gabe, iruindarrak gehien kezkatzen zituzten arazoak ziren horiek duela bi astera arte ezin zen gehiago itxaron. Denbora gutxi behar izaten ari da UPN Udalari bere zigiluak jartzeko: Espainiaren goratzea, erakunde publikoak katolizismoarekin nahastea, euskal ikurrak baztertzea eta mugimendu sozialei bizkarra eman eta urruntzea. Martxa honetan, Maiak egin beharrekoak agintaldi erdirako eginak izango ditu, eta gero denbora sobran izango du merkataritzaz, langabeziaz eta iruindarren arazo sozialez arduratzeko.

Bi aste besterik ez dira pasatu, eta galdera da: zenbat negoziazio mahai behar izan zituzten UPNk eta PSNk Asiron alkate ez zela izango ziurtatu eta Iruñeko Udalean gobernu progresista bat eragozteko? Esporrinek «agur, Asiron» oihukatu zuenean, bi aste hauetako esperpentoari eman zion bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.