jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

«Gatibu»

2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Egun batzuetan atzera egiten du denborak. Poliziak epaileen erabakien atzetik jokatzen du Parisen, Korrikan euskal presoen argazkiak erakusteagatik jendea atxilotzen dute Iruñean, makrosumario batean epaituko dituzten 47 lagunen aldeko adierazpena aurkezten dute Bilbon, eta aitaren hiletara joateko baimena jaso ondoren, ertzainek bost orduz «gatibu» atxikitzen dute euskal preso bat auto barruan hileta egin bitartean Legorretan.

Egun batzuetan badirudi atzera egiten duela denborak. Baina biharamunean errealitateak erakusten du ez dela denbora atzera egiten duena, baizik eta pertsonak, eta batzuek nahiago luketela gaurko egun hauek atzokoen antza izatea. Eta euren eskuetan ez dagoena ezin dutenez egin, hori lortzeko euren eskuetan dagoen guztia egiteko prest daudela besteek ez egiteko aurrera.

Irmo salatu behar da horregatik atzera pauso oro. Parisen, Madrilen, Iruñean eta Gasteizen, baina bereziki elkarbizitzaren alde ari dela dioenarenak. Hauteskundeetako kanpainan bi aukera zeudela zioten EAJko arduradunek: iraganekoa eta etorkizunekoa. Eurena egiteke dagoena zen, noski. Horregatik azaldu beharko dute, dagokien arduragatik, nork eta non erabaki duen aitaren hiletara joateko Madrilgo epaile baten baimena jaso duen euskal preso bat autoan atxikitzea hileta egiten den bitartean handik metro gutxira ia 500 kilometro egin ondoren. Ez dezan inork nahastu euren iragana eta egiteke dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.